Deialdiko oinarri espezifikoak Komunitate-Administrari 2003


Lehena.-Deialdiaren xedea
Deialdi honen xedea 2002 urterako Lan Eskaintza Publikoan jasotako eta barne-sustapenaren bidez bete beharreko 2. hizkuntza-eskakizuna eta 2002/06/12 derrigorrezkotasun-data duen Komunitate-administrari plaza bat betetzea da. Horretarako emandako epean eskaririk aurkeztu ez zenez, plaza hutsik geratu da; beraz, 2003ko otsailaren 24an Erakunde honetako Administrazio Kontseiluak plaza kanpo-oposiziora ateratzea erabaki du.
Bigarrena.-Eginkizunak
- Jabekideen komunitateak osatzea eta martxan jartzea, beharrezko salmenta-prozesua gertatu ondoren.
- Komunitateak administratzea, kargu hori Udal Etxebizitzei dagokienean.
- Administrazioa eramaten ez duten jabekideen komunitateetan Udal Etxebizitzak ordezkatzea.
- Ohiko eta ezohiko batzarrak deitzea eta haietara joatea.
- Batzarrean hartutako erabakiak aktan jasotzea, administrazioa eramaten denean.
- Kuoten hileko kobratzeak kudeatzea eta bideratzea.
- Zenbateko txikienen fakturak gremioei ordaintzea.
- Hileko kontuak kontrolatzea, kudeatzea eta likidatzea eta ekitaldia ixtea.
- Jabekideen berankortasuna, legez kontrako obrak, jarduera kaltegarriak edo gogaikarriak, etab. kontrolatzea, komunitatea administratzen denean.
- Saileko Buruari ekitaldien itxieren egoera-orriak aurkeztea, maizterrak jakinarazteko.
- Enpresa hornitzaile, aurrezki-erakunde, Erakunde ofizial, Aseguru eta abarren aurrean kudeaketa egitea.
- Jabekideak pertsonalki zein telefonoz artatzea, jabekideen komunitatean kargurik ez izan arren.
- Jabekideen komunitate baten administrazioari dagozkion eginkizunak burutzea.
- Saileko lanpostuari dagozkion aplikazio informatikoak ezagutzea eta erabiltzea.
- Saileko Buruak edo nagusi batek eraginarazitako beste lan batzuk burutzea, jendeari eman beharreko zerbitzuaren funtzionamendu egokia une oro bermatzeko.
Hirugarrena.-Hautagaien baldintzak
Deialdiko hautaketa-prozesuan parte hartzeko ondoko baldintzak bete beharko dira:
a) Europar Batasuneko estatu kideetako baten nazionalitatea izan behar da, edo, Europar Batasunak egin eta estatu espainolak berretsitako nazioarteko itunak ezarriz, langileen joan-etorri askea ezar dakiokeen estatuetako bateko nazionalitatea izatea.
Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere hartu ahal izango dute parte, beti ere, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta bere ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, baldin eta ezkontide biak ez badaude bananduta zuzenbidez, 21 urtetik beherako ondorengoak izan edo aipatutako adinetik gorakoak izanik beren kontura bizi badira.
b) Gutxienez 18 urte bete izatea.
c) Lanpostuaren eginkizunak ohiko moduan betetzea galarazten duen gaixotasun edo akats fisikorik ez izatea. Hori udaleko zerbitzu medikoek egiaztatuko dute, 1987ko irailaren 24an erabaki plenarioz onarturiko baztertze-baremoaren arabera, beharrezkotzat jotzen diren azterketa medikoak egin ondoren.
d) Estatuaren, Erkidegoko Administrazioaren edo Tokiko Administrazioaren diziplinako espediente baten ondorioz bazterturik ez egotea, edo funtzio publikoak burutzeko inhabilitaturik ez egotea.
e) Ezgaitasun edo bateraezintasunezko legezko arrazoiren batean ez erortzea.
f) Dagozkion eranskinetan hautaketa-prozesu bakoitzarentzat finkatzen diren gainerako baldintzak betetzea.
Aurreko baldintza guztiak eskariak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta izendapena egiten den arte bete beharko dira.
Laugarrena.-Eskariak eta onarpena
Hautaketa-prozesuan parte hartzea eskatzen duten eskariak Erakunde honen bulegoetan, Bilboko Cristo kaleko 1. zenbakiko 5. solairuan, emango denarekin bat etorriko dira. Eskarian, hautagaiek Deialdiaren Oinarrietan jasotzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute. Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomiadunaren Lehendakariari zuzendurik egongo dira, eta behar bezala beterik aipatutako bulegoetan aurkeztuko dira, deialdiaren iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu osteko egunetik aurrera 20 egun baliodunen buruan.
Eskariak, era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legean (1992ko azaroaren 27ko B.O.E.) ezarritako prozeduretako edozeinen bidez aurkeztu ahal izango dira.
Eskariekin batera, NANaren edo nortasun-agiriaren fotokopia bat aurkeztu beharko da.
Eskariak aurkezteko epea amaitzean, Toki Erakunde Autonomiadunaren Lehendakaritzak gehienez hilabete baten buruan bere erabakia emango du, onartutako eta kanpo utzitako hautagaien behin-behineko zerrenda onartuz. Aipatutako erabakia eta Kalifikazio Epaimahaia osatzen duten kideen izenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren iragarki-taulan jarriko dira. Iragarkia aipatutako Aldizkarian argitaratu deneko egunetik aurrera 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta baztertzea eragin duten akatsak edo ez-egiteak zuzentzeko, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 76. artikuluan xedaturikoaren arabera.
Behin-behineko zerrenda automatikoki behin betikoa bihurtuko da erreklamaziorik aurkezten ez bada. Erreklamaziorik baldin badago, beste erabaki batean ontzat emango dira edo baztertu egingo dira. Erabakian behin betiko zerrenda onartuko da, eta zerrenda «Bilboko Udal Etxebizitzak» Toki Erakunde Autonomiadunaren iragarki-taulan eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, onartuen eta kanpo utzitakoen zerrenda Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu osteko egunetik aurrera bi hilabeteren buruan. Horrek ez dio doakionak bidezkotzat jotzen duen edozein errekurtso jartzeari kalterik egingo.
Hautatua izan den hautagaiak behar den titulazioa eta dokumentazioa izendapenaren jakinarazpena jaso osteko hogeita hamar (30) egunen buruan egiaztatu eta aurkeztu beharko du.
Bosgarrena.-Kalifikazio Epaimahaia
Kalifikazio Epaimahaia uztailaren 6ko Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legearen 31/32 artikuluen arabera osatuko da. Lehendakari bat, Idazkari bat eta deialdiak zehazten dituen kide kopurua izango du; ez du inoiz bost partaide baino gutxiago izango. Bere osaketa gehienbat teknikoa izango da, eta kideen titulazioak edo espezializazioak deitutako plaza lortzeko eskatzen direnen berdinak edo handiagoak izan beharko dira.
Kideen artean Autonomia Erkidegoko ordezkari bat eta ordezkaritza sindikalak izendatutako langileen ordezkari bat egongo dira.
Autonomia Erkidegoak Kalifikazio Epaimahaietan duen ordezkaritzari kalte egin gabe, Erkidego horretako ordezkari bat Epaimahaietako kidea izango da euskararen ezagutza egiaztatzeko probetan.
Era berean, titularrekin batera izendatuko diren ordezkoak Epaimahaiko partaideak izango dira.
Kalifikazio Epaimahaiko Lehendakari titularra TEAren benetako Lehendakaria izango da, eta benetako Lehendakariordeak ordezko gisa jokatuko du.
Idazkari titularra TEAren idazkaria izango da, eta bere ordezkoa Altxorzain andrea izango da. TEAren Sail-koordinatzaileak Idazkariari bere eginkizunetan etengabe lagunduko dio.
Dagokionean, Epaimahaikideek bere bileratara joateagatik sariak jasoko dituzte, legez ezarritako zenbateko eta formalitateetan.
Seigarrena.-Hautaketa-prozesua
a) Hautagaiak dagokion eranskinean hautaketa-prozesu bakoitzerako zehazten den sistemaren bidez hautatuko dira.
b) Oposizioko ariketa bakoitzaren kalifikazioa oposizio-faseko ariketen zuzenketan oinarrituko da.
c) Behin betiko sailkapen-ordena hautaketa-prozesua burutu ondoren lorturiko puntuazioaren baturak zehaztuko du; ordena oposizio-faseko ariketa guztiak gainditu dituzten hautagaiek lorturiko puntuazioen behin betiko emaitza izango da.
d) Oinarri hauek hautagai guztiak eta hautaketa-prozesua finkatzen duen Epaimahaia lotesten dituzte.
Zazpigarrena.-Karguaz jabetzea
Proposamena TEA honetako Administrazio Kontseiluak onartu ondoren, izendatutako hautagaia bere izendapena jakinarazi osteko egunetik aurrera 30 egun baliodunen buruan karguaz jabetu beharko da. Aipatutako epean bidezko arrazoirik gabe karguaz jabetzen ez bada, bere eskubide guztiak galduko ditu eta kargutik baztertua izango da.
Aukeraturiko hautagaiak karguaz jabetu osteko egunetik aurrera hilabete bateko probaldia pasa beharko du. Aldi horretan enpresak lan-kontratua deuseztatu ahal izango du, eta hautagaiak erreklamaziorik egiteko edo kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik ez du izango.
Xede horretarako, probaldian langileari dagozkion aldi baterako ezintasunak, amatasunak eta adopzioak edo umea hartzeak probaldiaren zenbaketa eteten dutela berariaz ezartzen da.
Zortzigarrena.-Gertakariak
a) Oinarri hauetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Epaimahaiak sortzen diren zalantzak argitzeko eta hautaketa-prozesuaren funtzionamendu egokirako behar diren erabakiak hartzeko eskumena izango du.
b) Epaimahaiak Deialdiaren Oinarriak interpretatzeko, osatzeko eta betetzeko eskumena izango du, aipatutako hautaketa-prozesua bizkortzeko.
c) Bidezkoa iruditzen baldin bazaio, Epaimahaiak Bilboko Udalak antzerako plazetarako erabiltzen dituen Deialdien Oinarriak analogia bidez aplikatu ahal izango ditu.
E R A N S K I N A
1. Deitutako plaza: 2. hizkuntza-eskakizuna eta 2002/06/12 derrigorrezkotasun-data duen Komunitate-administrari plaza, lanaldi zatituarekin eta Bilboko Udal Etxebizitak TEAren indarreko hitzarmen partikularrari dagokion soldataz horniturik.
Lana burutzeko baldintzak, literal-taula, baldintzak, etab. Lanpostuen Zerrendarekin batera 2002ko abuztuaren 26ko 161. BAOn argitaratuta daude.
2. Baldintza espezifikoak: Goi-mailako Batxilergoko Titulua, 2. mailako Lanbide Heziketako Titulua edo haien baliokidea den Titulua izatea, edo eskariak aurkezteko epea amaitzen denerako hura lortzeko moduan egotea.
3. Epaimahaiaren kategoria maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuaren xedeetarako. Aipatutako aginduaren xedeetarako bigarren kategoria zehazten da.
4. Hautaketa-prozesua: hautagaiak oposizio librearen bidez aukeratuko dira; oposizioak derrigorrezko 3 ariketa kanporatzaile izango ditu.
- Lehenengo ariketa: Lehenengo ariketan Hiri-errentamenduen Legeari eta Jabetza Horizontalaren Legeari buruzko ezagutzak egiaztatuko dira.
- Bigarren ariketa: Bigarren ariketan testu-prozesadoreari buruzko ezagutzak egiaztatuko dira, Microsoft Word 97 sistemak edo sistema berriagoak edo Lotus Word Pro 97 sistemak edo sistema berriagoak erabiliz; horrez gain, kalkulu-orri bat osatuko da, Microsoft Excel 97 edo sistema berriagoak edo Lotus 123, 97 edo sistema berriagoak erabiliz.
Lehenengo bi ariketei 0 eta 10 puntu arteko kalifikazioa emango zaie; lehenengo ariketan gutxienez 5 puntu lortzen ez dituen hautagaia ezingo da bigarren ariketara pasatu, eta abar.
- Hirugarren ariketa: 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan Euskararen Erabileraren Normalizaziorako prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Azterketaren data baino lehenago 2. hizkuntza-eskakizuna edo eskakizun-maila handiagoa duela egiaztatzen duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak luzaturiko ziurtagiria edo 86/1997 Dekretuaren 41. artikuluan aipaturiko tituluetako bat aurkezten duen hautagaiak ez ditu proba hauek egin beharko.
Ariketa honetan hautagaia gaitzat edo ez gaitzat hartuko da.
Ariketen iraupena Epaimahaiak zehaztuko du.
Aipatutako ariketak egiteko tokia, eguna eta ordua Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren iragarki-taulan argitaratuko dira, Cristo kaleko 1. zenbakiko 5. solairuan.
Azken emaitzak argitaratu ondoren, bi hautagairen edo gehiagoren artean berdinketa baldin badago, ondoko irizpideak jarraituz berdinketa hautsiko da: Lehenengo ariketan puntuazio handiena lortu duen hautagaiak lehentasuna izango du. Berdinketak jarraitzen badu, bigarren ariketan puntuazio handiena lortu duen hautagaiak lehentasuna izango du. Horren ondoren oraindik berdinketa badago, egoera horretan dauden hautagaiek Epaimahaikideekin elkarrizketa izango dute. Horrek guztiak ez dio Eranskinaren espezifikazioetan ezarritakoari kalterik egingo.
Bilbon, 2003ko maiatzaren 5ean.-Presidentea, Ainhoa Gorordo Jauregui
-
1
2025/04/16
IRAGARKIA BAO INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO TEKNIKARIA -
2
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 17-18 GAIEN GALDERA SORTA -
3
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 1-16 GAIEN GALDERA SORTA -
4
2025/03/19
GAITEGIAREN GAI KOMUNEN GALDERA SORTAREN AURKIBIDEA -
5
2025/02/18
IRAGARKIA BAO INFORMATIKA-TEKNIKARIA