Oinarri orokorrak: Oinarri Orokorrak


BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK TEA‑REN PLANTILLAKO LANPOSTUAK BEHIN BETIKO HORNITZEKO DEIALDIAREN OINARRI OROKORRAK
LEHENENGOA.‑ Helburuak
Ebazpen honen helburua da Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren plantillako langile lan‑kontratudun finkoen lanpostuak behin betiko hornitzeko hautaketa‑prozesua arautuko duten oinarri orokorrak ezartzea. Oinarri horiek deialdi bakoitzak zehazten dituen oinarri espezifikoetan adieraziko dira.
BIGARRENA.‑ Araudi aplikagarria
Honako araudi hau aplikatuko da:
- 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duena.
- 30/1984 Legea, abuztuaren 2koa, Funtzio Publikoa Eraberritzeko Neurriei buruzkoa.
- Eusko Legebiltzarraren 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
- 896/1991 Errege Dekretua, ekainaren 7koa, toki‑administrazioko funtzionarioak hautatzeko prozedurak bete behar dituen oinarrizko arauak eta gutxieneko programak ezartzeari buruzkoa.
- Eusko Legebiltzarraren 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa.
- 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.
- 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite‑maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
- 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
- 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.
- 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa.
- Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.
- Modu osagarrian, 364/1995 Errege Dekretua, martxoaren 10ekoa, Estatuko Administrazioaren Zerbitzuan Langile izateko, eta Lanpostuen Jabetza eta Lanbidea Sustatzeko Araudi Orokorra onartzen duena.
- 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5koa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
- Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.
- Oinarri orokor hauek.
- Deialdi bakoitzerako onartzen diren oinarri espezifikoak.
-Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren Hitzarmen Kolektiboa.
- 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Oro har, eta langile guztientzat, arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
HIRUGARRENA.‑ Tratu berdintasunaren printzipioa
Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsi zuen Euskadiko Autonomia Estatutuaren 6 eta 9 artikuluek ezarritakoaren arabera, deialdietan tratu berdintasunaren printzipioa beteko da eta ezin da inongo bereizkeriarik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo beste edozein baldintza edo inguruabar personal edo sozialagatik, baldin eta tratu bereizketa kasu justifikatu eta proportzionaletan arrazoitzen duten arauak ez badaude.
LAUGARRENA.‑ Lanpostuen deskribapena
Lanpostuen deskribapena prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan egingo da Enpleguaren Eskaintza Publikoa onesten duen ebazpenak edo plangintzarako antzeko tresnaren batek ezartzen duen moduan.
BOSGARRENA.‑ Izangaiek bete beharreko baldintzak
1.‑ Baldintza orokorrak
Deialdien xede diren lanpostuetan sartu nahi dutenek parte hartzeko baldintza orokor hauek eta oinarri espezifikoetako baldintzak bete beharko dituzte:
a) Espainiar nazionalitatea izatea.
Era berean, honako hauek ere enplegu publikoetan parte hartu ahal izango dute, espainiarrek dituzten baldintza berberetan, baldin eta botere publikoa baliatzen edo estatu edo herri administrazioetako interes orokorren zaintzan zuzenean edo zeharka parte hartzen ez badute:
a.a) Europar Batasuneko kide den estatuetako baten nazionalitatea dutenek.
a.b) Espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko kide den estatuetako baten ezkontideek, ezkontidearen nazionalitatea edozein izanik ere, baldin eta zuzenbidez bananduta ez badaude. Era berean, ezkontide bien ondorengoek hartu ahal dute parte baldintza berberetan, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo bestela, adin horretatik gorakoak izanda mendekoak badira.
a.c) Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunenei jarraiki, a.a) apartatuan zehaztutakoaren arabera langileen joan‑etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritartasuna izatea.
b)Gaitasuna: Bete nahi den plazari dagozkion eginkizunak normaltasunez betetzeko behar den gaitasun funtzionala eta psikofisikoa edukitzea eta beren elbarritasun‑maila lanpostuaren betebeharrak eta eginkizunak betetzeko oztopo ez dela egiaztatzea. Hori Udalaren Zerbitzu Medikoek egiaztatuko dute oinarri hauen hamaikagarren oinarrian ezarritakoarekin bat, lan arriskuen prebentzioari buruz indarrean dauden arauak aintzat hartuz, lanaren ondoriozko arriskuetatik babesteko lan‑egokitzapenak egin behar badira ere.
c) Adina: Hamasei urteak beteta izatea eta derrigorrezko erretiro‑adinetik gorakoa ez izatea.
Hala ere, agintea erabiltzea dakarten lanpostuak eskuratzeko edo, Bilboko Udalaren Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuaren iritziz osasunerako arriskutsua den eginkizunen bat gauzatu behar bada, hamazortzi urteko gutxieneko adina eska daiteke oinarri espezifikoetan.
d) Gaikuntza: Diziplina‑espediente bidez edozein administrazio publikoren edo autonomia‑ erkidegoetako konstituzio edo estatutu‑erakunderen zerbitzutik bereizita ez egotea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikoetarako erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezirik ez izatea.
Beste estatu bateko nazionalitatea izanez gero, gaitasunik gabe utzita edo antzeko egoeran ez egotea, eta diziplina‑zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragozten duenik.
e) Titulazioa: deialdiaren oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa edukitzea.
Atzerrian eskuratutako titulazioa duten izangaiek egiaztatu egin beharko dute haien baliozkotzea edo, hala badagokio, homologazioa egiaztatzen duen ziurtagiria dutela.
f) Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen arloan indarrean dagoen araudian aurreikusitako ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean ez egotea; nolanahi ere, kargu publiko edo jarduera pribatu bateraezin bat betetzen ari direnentzat, aipatutako lege‑arauetan aipatzen den aukera‑eskubidea baliatu ahal izango da.
h) Dagozkien eranskinetan hautaketa‑prozesu bakoitzerako berariaz zehazten diren gainerako baldintzak.
Deialdian parte hartu nahi dutenek baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Era berean, baldintza guztiak bete behar dituzte hautaketa‑prozesuan zehar izendapena egin arte, gaitasun funtzionalari buruz b) apartatuan ezarritakoa izan ezik; kasu horretan, udalaren zerbitzu medikoek egiaztatu behar dute lanpostuan hasi baino lehen.
Hala ere, hautaketa‑prozesuaren edozein unetan, epaimahaiak jakinez gero izangairen batek deialdiko baldintza guztiak ez dituela betetzen, izangaia baztertuta utziko du, entzunaldia egin ondoren, eta egun berean horren berri emango dio hautaketa‑prozesurako deialdia egin duen agintariari.
2.‑ Barne-igoerako txanda
Barne-igoerako txandarako gorde diren lanpostuetara aurkeztu ahal izateko, izangaiek jatorrizko lanpostuan jardunean edo zerbitzu berezietan egon behar dute eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Lortu nahi duten lanpostuaren beheko sailkapen taldeko edo azpitaldeko, edota talde edo azpitalde bereko lanpostua jabetzan edukitzea, oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera.
b) TEAn jatorrizko lanpostuarekin bat datorren lanpostu batean bi urteko zerbitzu‑aldia bete izana.
c) Lortu nahi den lanposturako eskatzen diren titulazioa eta antzinatasuna edukitzea, eta eskatzen diren gainerako baldintzak ere betetzea.
3.‑ Desgaitasuna duten pertsonen txanda
Desgaitasuna duten pertsonen txandan parte hartu ahal izateko, interesdunak desgaitasuna aitortua izan beharko du: % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna, Administrazioaren organo eskudunak (IMSERSO, Foru Aldundiko Gizarte Ongizate Saila, etab.) emandako egiaztagiri edo ebazpenaren bidez aitortua.
4.‑ Parte hartzeko baldintzak
Hautaketa‑prozesuan parte hartzea borondatezkoa da eta horrek esan nahi du onartu egiten dela proba psikoteknikoak eta nortasunari buruzkoak egitea, proba horiek beharrezkoak badira, bai eta proba horietako emaitzak balorazioan eragina izateko erabiltzea ere, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat etorrita.
5.‑ Datuen babesa
a) Izangaiek oinarri hauetan jasotako hautaketa‑prozesuetara aurkezteak esan nahi du baimena ematen dutela eskabidean ageri diren datu pertsonalak erabiltzeko (izen‑abizenak, NAN eta ikasketak), aldizkari ofizialetan, iragarki‑tauletan, web‑orrian eta, oro har, hautaketa‑prozesuaren emaitza partzialak edo behin betikoak jakinarazteko erabiltzen den edozein bideren bitartez argitaratzeko. Halaber, izangaiek datuak erabiltzeko baimena ematen dute, IVAPek edo erakunde eskudunak euskararen hizkuntza‑eskakizuna edo beste hizkuntzaren baten ezagutza maila egiaztatu dezan, eta, oro har, hautaketa‑prozesuari dagozkion ariketak epaimahaiak, erakundeak, enpresak edo epaimahaiak agintzen dionak modu egokian prestatu eta gauzatzeko direla baieztatzeko. Era berean, osasun‑arloko langile eskudunek izangaiak deialdi espezifikoan aurreikusitako salbuespen medikoen taulara egokitzen direla egiaztatzeko.
b) Publizitate printzipioak arautzen ditu oinarri hauen xede diren hautaketa‑prozesuak. Ondorioz, izangaiaren eskabiderik ez da onartuko baldin eta ez badu bere datuak lagatzea onesten aurreko paragrafoan adierazitako edukiaz eta helburuetarako.
c) Oinarri hauetan aipatutako hautaketa‑prozesuen ondorioz lan‑poltsak eratzeari buruzko hamaikagarren oinarriaren ondorioetarako, izangaiek prozesu horietan parte hartzeko eskabidean adierazi behar dute euren datuak (izen‑abizenak, NAN, helbidea, harremanetarako telefonoa eta ikasketak) herri administrazioko beste erakunde batzuei lagatzeko eragozpenen bat duten. Lagapen horren helburu bakarra da erakunde horiek lan‑eskaintzak legez ezarritako moduan egitea. Datuak lagatzea ez dutela nahi berariaz adierazi ezean, izangaiek horretarako baimena ematen dutela ulertuko da.
d) Izangaiek emandako datu guztiak “Lan‑eskaintza" izeneko fitxategi batean sartuko dira, Fitxategi horren organo eskuduna TEA da.
e) Interesdunek datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta haien tratamenduaren aurka egiteko eskubidea izango dute. Horretarako, idatzi bat bidali beharko dute helbide honetara: Bilboko Udal Etxebizitzak, Nafarroa kalea 5, 5.solairua. 48001 Bilbo.
SEIGARRENA.‑ Eskabideak eta onarpena
1. Eskabideak betetzea eta aurkeztea
a) Eskabideak deialdian ezartzen den prozedura elektronikoa erabiliz bete eta aurkeztu beharko dira, eta eredu ofizialean, www.bilbao.eus/Etxebizitzak webgunearen bidez edo izangaien izen‑emateak izapidetzeko berariaz gaitutako erregistro telematikoen bidez.
b) Nahi dutenentzat, eskabidea betetzeko beharrezkoak diren ordenagailuak edo bestelako baliabide teknikoak jarriko dira eskura, eta zeregin horretan interesdunei aholkularitza eta laguntza eskainiko zaie.
c) Eskabideak BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK TEAn aurkeztu beharko dira, hogei (20) eguneko epean, deialdiaren iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
d) Eskabideak betetzeko orduan, deialdiaren oinarri espezifikoek zehaztutako jarraibideak hartu beharko dira kontuan.
f) Eskabidea behar den denboran eta moduan aurkezten ez bada, izangaia hautaketa‑prozesutik baztertuko da.
g) Denborak edo baliabideak egokitzea. Desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako lanpostuetarako izangai direnek jakinarazi beharko dute denborak edo baliabideak egokitzeko beharra duten oposizio‑faseko ariketaren bat egiteko. Zehazki adierazi beharko dute zein egokitzapen behar dituzten.
h) Nahitaezko hizkuntza‑eskakizunen bat atxikita duten lanpostuetarako eskatzen den euskara‑maila agiri bidez edo proba gaindituz egiazta dezaketenak lanpostu horiek zein izaera horretakoak ez direnak eskuratzeko lehiatuko dira.
i)Probak egiteko hizkuntza.‑ Eskabidean adierazi beharko da zein hizkuntzatan egin nahi diren hautaketa‑probak (euskaraz edo gaztelaniaz). Ezer adierazi ezean, proba guztiak gaztelaniaz egin nahi direla ulertuko da.
Edonola ere, gaitasun psikologikoak ebaluatzeko probak jatorrian diseinatu diren hizkuntzan egingo dira (euskaraz eta/edo gaztelaniaz).
j) Parte hartzeko txandak. Eskabidean, izangaiek txanda hauetako batean parte hartzeko nahia adierazi beharko dute: a) Txanda askea, b) Barne-igoerako txanda, eta c) Desgaitasuna duten pertsonak, oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta txanda horietako bakar batean soilik parte hartu ahalko dute.
2. Eskabidearen oker eta akatsak zuzentzea
Eskabidean egitezko okerrak, oker materialak zein oker aritmetikoak daudela antzemanez gero, oker horiek noiznahi zuzendu ahalko dira, ofizioz zein interesdunak hala eskaturik.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskabideetan akatsen bat egonez gero, interesdunari eskakizuna egingo zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egindakotzat joko dela, eta, izapide gehiagorik gabe, artxibatu egingo dela bere eskabidea.
3. Eskatzaileak onartzea
a) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Kalitatea, Giza Baliabideak eta Zerbitzu Orokorrak Arloak hala eskatuta, Presidentetzak onartutako eta baztertutako pertsonen behin‑behineko zerrenda onartuko du. Zerrenda horietan izangaien izena eta bi abizen agertuko dira, bai eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia eta, hala badagokio, ez onartzeko arrazoia ere.
b) Ebazpen hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta TEAren iragarki‑taulan eta erakundearen web‑orrian jarriko da jendaurrean. Bazterketaren aurka erreklamatzeko eta hura eragin duten akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko, 10 eguneko epea egongo da. Behin erreklamazioak egiteko epea igarota, izangaien onarpenak eta bazterketak onartu dituen agintaritzak aurkeztu diren erreklamazioak ebatzi, eta behin‑behineko zerrenda jarri den bezala jarriko da jendaurrean.
c) Onartu eta baztertutakoen zerrendak onartuko dituen ebazpenaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da TEAren aurrean, hilabeteko epearen barruan, zerrendak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
d) Aurkezturiko errekurtsoa ez bada ebatzi probak egin behar diren egunerako, eragindako izangaiek, kautelaz, azterketa egin ahalko dute, baina, gero, azterketak ez du baliorik izango, errekurtsoa ezetsi egiten bada.
4. Jakinarazpenak
Jakinarazpenen ondorioetarako, halakorik eginez gero, eskabidean agertzen den helbidea izango da kontuan hartu beharrekoa, baldin eta geroago deialdia egin duen organoari beste helbide bat berariaz eta modu fede‑emailean jakinarazten ez bazaio.
ZAZPIGARRENA.‑ Kalifikazio Epaimahaia
1.‑ Osaera
a) Deialdien hautaketa‑prozesuen Kalifikazio Epaimahaiak honako hauetan xedaturikoaren arabera eratuko dira: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 60. artikulua; ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretuaren 4. artikulua; Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikulua; apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 127.1.h) artikulua, abenduaren 16ko 57/2003 Legean onartutako testuarekin; eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko Eusko Legebiltzarraren 4/2005 Legeko 20.4 b) artikulua.
b) Epaimahaia epaimahaiburu batek, idazkari batek, eta deialdian ezarritako epaimahaikideek osatuko dute, eta epaimahaikide‑kopurua ezingo da izan inola ere bost baino gutxiago. Epaimahaia osatzen dutenak nagusiki teknikariak izango dira, eta espezialitatearen printzipioa izango da nagusi. Beraz, kide guztiek deialdiko lanpostuetan eskatzen den titulazio berdina edo maila handiagoko titulazioa izango dute, eta, gutxienez, kideen erdiek hornituko den lanpostuari dagokion ezagutza‑arlo bereko titulazioa izan beharko dute, eta, hala ez izatea justifikaturik egon ezean, gizonen zein emakumeen ordezkaritza, bakoitzetik, gutxienez % 40 izango da.
c) Euskaraz jakiteari dagokion probarako izendatutako epaimahaikide‑postuak ondorio horietarako baino ez du balioko, berariaz besterik erabaki ezean.
d) Epaimahaia eratzen denean, kide edo aholkulari gisa desgaitasuna duten pertsonak egon daitezen saiatuko da, betiere b) apartatuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, desgaitasuna duten pertsonen txanda dagoen deialdietan.
e) Epaimahaikide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkariak salbu, azken horrek ez baitu botorik izango. Epaimahaiaren erabakiak bertan direnen botoen gehiengoz hartuko dira, eta berdinketa izango balitz, epaimahaiburu diharduenaren botoak erabakiko luke.
f) Epaimahaiko kideek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko 23. artikuluan aurreikusitako egoeretakoren bat gertatzen denean, uko egin beharko diote parte hartzeari, eta epaimahaiburuari eman beharko diote horren berri. Halaber, izangaiek epaimahaikideak errekusatu egin ahalko dituzte, aipaturiko legeko 24. artikuluan xedaturikoaren ildotik, aurreko artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen denean.
g) Ezingo dira epaimahaikide izan deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hautaketa‑prozesuetarako izangaiak prestatzeko lanetan jardun dutenak edo, aldi horren barruan, deialdiko lanpostuei dagokien funtzio‑arlo bereko oposizioak prestatzeko zentroren batekin batera nolabait lan egin dutenak.
h) Hautaketa‑prozesuan onartutakoen eta prozesutik baztertutakoen zerrendekin batera, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Epaimahaia osatzen duten titularren eta ordezkoen izenen zerrenda, Presidentetzak haiek izendatu eta gero.
i) Kalifikazio Epaimahaiko kideek, egingo duten zerbitzua dela‑eta, zerbitzuagatiko kalte‑ordainei buruzko arauetan aurreikusitako legezko kalte‑ordainak jasoko dituzte.
2.‑ Eraketa
a) Epaimahaia ezingo da eratu eta ezingo du jardun gutxienez epaimahaiburua eta idazkaria (titularrak edo ordezkoak) eta Epaimahaiko gainerako kideetatik erdiak agertu ez badira.
b) Epaimahaiak lanetara aholkulari espezialistak ere batzea erabaki ahalko du, hautaketa‑prozesuko proba guztietarako edo batzuetarako. Halakoek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute jardungo, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legeko 31.3 artikuluan xedaturikoari jarraituz, eta aholkua eta laguntza teknikoa beren espezialitatean jardunez emango dituzte, hitzarekin baina botorik gabe.
c) Epaimahaiburu dihardutenak agertzen ez direnean, kargu horren titularrak ordezko pertsona bat izendatuko du boto‑eskubidea duten epaimahaikideen artean. Izendapenik egin ez bada, mahaikideen arteko zaharrena izango da epaimahaiburuaren ordezkoa.
d) Epaimahaiburuak hautaketa‑prozesua koordinatuko du, eta bozketetan berdinketak ebatziko ditu, bere kalitateko botoarekin. Epaimahaikide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkari diharduenak salbu; azken horrek hitza izango baitu, baina ez botorik.
e) Izangai‑kopurua dela‑eta komenigarria denean, Kalifikazio Epaimahaiak administrazioko eta zerbitzuetako izendatu ahalko ditu, Idazkaritzak gainbegiraturik, hautaketa‑prozesua behar bezala garatzea bermatzeko adinako kopuruan. Zerbitzuagatiko kalte‑ordainei buruzko arauetan aurreikusitako legezko kalte‑ordainak jasoko dituzte.
f) Epaimahaia osatzen duten kide guztiek, bai eta hautaketa‑prozesuan parte hartzen duten aholkulari eta adituek ere, izangaiei zor zaien intimitate‑eskubidea eta errespetua bermatuko dute egikaritzen dituzten funtzio guztietan; horrez gain, izangaiei buruzko informazioa modu egokian tratatzeaz arduratuko dira.
g) Hautaketa‑prozesua behar bezala garatze aldera, Epaimahaiak oinarri hauetan edo oinarri espezifikoetan aurreikusten ez diren gaien inguruan erabakiak hartzeko ahalmena izango du, bai interpretazioari eta aplikazioari dagokienez, bai Epaimahaiaren beraren funtzioak egikaritzeari dagokionez. Epaimahaiaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da epaimahaiburuaren aurrean, ebazpenean bertan adierazten den epean, iragarki‑taulan argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
h) Komunikazioetarako eta gainerako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Bilbon, Bilboko Udal Etxebizitzen egungo Erregistro Orokorrean egongo da: Nafarroa kalea 5, 5. solairua.
ZORTZIGARRENA.‑ Hautaketa‑prozesura
1.‑ Izangaiak hautatzeko prozedura
Izangaiak hautatzeko prozedura oposizioa edo lehiaketa‑oposizioa izango da eta txanda hauek egongo dira: txanda askea, desgaitasuna duten pertsonen txanda eta barne-igoerako txanda, deialdiaren oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera. Hautaketa‑prozesuetan praktikaldi eta prestakuntza‑ikastaro bat gainditzea ere eska daiteke, betiere deialdiaren oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera eta indarrean dagoen araudian adierazitako iraupenarekin.
2.‑ Oposizio‑fasea
a) Oposizioko fasea deialdiaren oinarri espezifikoetan adierazten diren ariketek osatuko dute, eta ezagutu beharreko araudia deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoena izango da.
b) Ariketak teorikoak eta praktikoak izango dira.
c) Ariketa batzuk derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango dira, baina borondatezkoak ere egon daitezke, deialdiaren oinarri espezifikoetan araututakoaren arabera.
d) Programak eta gai‑zerrendak.
-Ariketa teorikoetako programek Toki‑administrazioko funtzionarioak aukeratzeko prozedura arautzen duen ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko dute. Gutxieneko gaiak dekretu horretan jasotakoak izango dira, baina, beharrezkotzat joz gero, gai gehiago sartu ahal izango dira, deitutako lanpostuak betetzeko kualifikazio onena duten izangaiak hautatuko direla bermatzeko.
-Deialdiaren oinarri espezifikoetan jasotako gaien artean, gutxienez bat Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari Buruzko Araudikoa izango da eta beste bat Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Araudikoa, bai eta bi arlo horietako administrazio‑jardueran duten aplikazioari buruzkoa.
-Hautaketa‑probetan ariketa praktiko bat edo gehiago egongo dira, besteak beste, test psikoteknikoak, mekanografiako probak, testuen tratamendua, txostenak eta proiektuak idaztea, balizko kasuei soluzioa aurkitzea, hizkuntzak neurtzeko probak eta beteko diren lanpostuetarako izangaien prestakuntza neurtzeko egoki jotzen diren antzeko probak.
3.‑ Lehiaketa‑fasea
a) Arau orokorrak
-Lehiaketa‑fasean, izangaiek ziurtatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira, betiere oposizio‑fasea gainditu badute. Merezimendu bakoitzari deialdiaren oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren araberako puntuak emango zaizkio.
-Oposizio‑lehiaketa sistemaren bidez egiten diren hautaketa‑probetan, lehiaketa‑fasean ez da inor prozesutik kanpo utziko eta ez da kontuan hartuko oposizio‑faseko azterketak gainditzeko, Toki‑administrazioetako funtzionarioak hautatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 7ko 896/91 Errege Dekretuaren 4.c.c) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
- Lehiaketa‑faseko puntuazioa, gehienez ere, oposizio‑fasean lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 45 (ehuneko berrogeita bost) izango da, halaxe baitago jasota Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 26. artikuluan.
- Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak ebaluatu eta argitaratuko ditu epaimahaiak deialdiaren oinarri espezifikoetan ezarritako epean.
b) Lehiaketa‑fasean merezimendu hauek balioetsiko dira:
- Lan esperientzia: administrazio publikoko lanpostuak bete izana (horien ezaugarriak eta balorazioa oinarri espezifikoetan zehaztutakoak izango dira); apartatu honetan ez dira inolaz ere balioetsiko, zerbitzu zibilak edo merkataritzako zerbitzuak emateko kontratuak, ezta bekak eta laneko praktikaldiak ere.
Oro har, lan esperientzia indarrean dagoen araudian, eta bereziki Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuko 2. artikuluan, administrazio publikotzat jotzen diren erakunde edo organismoetan egindakoa izango da eta hura egiaztatzeko, organo eskudunak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.
Hala ere, salbuespen moduan eta horretarako inguruabarrak daudenean, enpresa publikoetan emandako zerbitzuak ere sartu ahal izango dira deialdiko oinarri espezifikoetan, oinarriotan adierazitako eran eta horko baldintzak betez.
Ez dira balioetsiko lan esperientziarekin zerikusia duten merezimenduak, honako hauek beren‑beregi adierazita ez badaude:
- Betetzen ari den lanpostuaren izena eta kategoria profesionala.
- Kontratazioaren hasierako eta amaierako egunak edo izendapenaren eguna.
- Lanpostuaren eginkizun nagusiak, kategoria adierazita eginkizunok argi ez badaude.
Deialdiaren oinarri espezifikoetan adierazitako dataren edo daten aurreko epealdiak soilik zenbatuko dira; dena dela, ezingo dira inola ere zenbatu eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean emandako zerbitzuak. Zenbaketa egiteko, zerbitzua lanaldi arruntean eman baldin bada, erabili beharreko formula izango da lan egindako urte osoa 365 egunekotzat eta lan egindako hilabete osoa 30 egunekotzat jotzen dituena. .Lanaldi partzialean edota lanaldi murriztuan jardun izan dutenen kasuan, zerbitzua benetan emandako lanaldiarekiko era proportzionalean egingo da zenbaketa, eta, araudiak ahalbidetzen baldin badu, lanaldi‑murrizketa bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzeko neurriak aplikatzearen ondorioz onartu denean, neurri horien onuradunari lanaldi osoz jardun izan balu bezala zenbatuko zaio denbora.
- Prestakuntza: Balioztatu egingo da deialdiko lanpostuen funtzioei lotutako ezagutzak edukitzea, behar bezala egiaztatutakoak, baldin eta dena delako hautaketa‑prozesuan onartua izateko gutxienez eskatzen direnek baino maila handiagoa edo arlo zabalagoa hartzen badute. Oinarri espezifikoetan ezarriko dira apartatu hau balioztatzeko baldintza zehatzak, baina, edonola ere, titulazioak eta prestakuntza balioztatzeko, eskabidean datu hauek adierazi beharko dira:
- Tituluaren eta/edo prestakuntza‑ikastaroen izen ofiziala.
- Egiaztagiria eman duen erakundearen izena.
- Ikastaroaren ordu‑kopurua.
Ez dira balioztatuko ikasketa‑titulu bat lortzeko plangintzaren barruko ikastaroak; dena dela, titulu hori balioztatu egin ahalko da, dagozkion oinarri espezifikoetan hala jasotzen bada.
-Euskara: Euskararen ezagutzak merezimendu moduan balioetsi ahal izateko, lanpostuak derrigortasun egunik gabeko hizkuntza‑eskakizuna eduki behar du, edota eskabideak aurkezteko azken egunean lanpostu horren derrigortasun‑eguna oraindik heldu barik badago. Lanposturako eskatzen den hizkuntza‑eskakizunaren goragoko mailako eskakizunik ez da balioetsiko.
Euskararen ezagutzari emango zaion portzentajea ez da izango gainerako hautaketa‑prozesu osoan guztira eta gehienez lor daitekeen puntuazioaren % 5 baino txikiagoa eta % 20 baino handiagoa, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 98. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita. Merezimendu horri emango zaion gehieneko puntuazioa ezin izango da izan gainerako hautaketa‑prozesuari emandako gehieneko puntuazioaren % 5 baino txikiagoa, ez eta % 20 baino handiagoa ere. Hauek izango dira, hain zuzen ere, portzentaje zehatzak: lanpostuak 1. edo 2. hizkuntza‑eskakizuna duenean, % 5 eta % 10 bitartean eta 3. edo 4. hizkuntza‑eskakizuna duenean, % 11 eta % 20 bitartean.
- Beste hizkuntza batzuk. Deialdiaren oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera, Estatu Espainiarreko edo Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk ere balioetsiko dira.
- Beste batzuk. Aurreko apartatuetan jaso ez diren merezimenduak ere balioetsi ahal izango dira, betiere deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutako baldintzetan eta norainokoan.
4.‑ Euskarazko nahitaezko hizkuntza‑eskakizuna duten lanpostuak
a) Lehentasunezkoa izango da nahitaezko hizkuntza‑eskakizuna duten lanpostuak betetzea; hartara, izendatzeko proposaturiko izangaiekin beteko dira, kalifikazio onenak eskuratu eta eskaturiko hizkuntza‑eskakizuna egiaztatu ondoren.
b) Derrigorrezko hizkuntza‑eskakizuna duten lanpostuak bete nahi dituzten izangaiek, baldin eta hizkuntza‑eskakizuna ziurtatzen ez badute edota euskarazko azterketa – derrigorrezkoa eta baztertzailea‑ gainditzen ez badute, edota azterketa gaindituta lanpostu horiek betetzeko aukerarik gabe geratzen badira lanpostua baino pertsona gehiago egoteagatik‑, orduan hautaketa‑prozesuan jarraitzeko aukera izango dute derrigorrezko hizkuntza‑eskakizunik ez duten lanpostuetarako. Hori gertatuz gero, euskarazko azterketan lortutako kalifikazioa merezimendutzat hartuko da eta oposizio‑faseko derrigorrezko ariketa guztietan lortutako kalifikazioak ere errespetatuko dira.
c) Hizkuntz‑eskakizuna oinarri hauetan adierazitako eran ziurtatu ez duten izangaiek ezingo dute bete, inolaz ere, hizkuntza‑eskakizuna derrigorrezkoa duten lanposturik.
BEDERATZIGARRENA.‑ Hautaketa‑prozesuaren garapena
1.‑ Hasiera. Deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabete bi igaro behar dira, gutxienez, oposizio‑faseko ariketak egiten hasteko. Hala ere, euskarako hizkuntza‑eskakizuna ziurtatzeko edota beste hizkuntza batzuetako ezaguerak neurtzeko probak epe hori igaro aurretik egin ahal izango dira, hala jasota badago oinarri espezifikoetan.
2.‑ Iragartzea. Oposizio‑faseko lehen ariketaren tokia, eguna eta ordua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, TEAren iragarki‑taulan eta web‑orrian argitaratuko dira, hautaketa‑prozesuan onartutakoen eta prozesutik baztertutakoen zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.
Oposizioko gainerako ariketei buruzko hurrengo iragarkiak TEAren iragarki‑taulan eta web‑orrian argitaratuko ditu Epaimahaiak. Iragarki horiek, gutxienez, hurrengo ariketa egin baino 48 ordu lehenago jarri beharko dira jendaurrean.
3.‑ Deialdia. Ariketa bakoitzean, deialdi bakarra egingo zaie izangaiei. Ariketak egitera azaltzen ez direnak hautaketa‑probetatik baztertuta geratuko dira zuzenean eta ezingo dute ez ariketa hori ez hurrengorik egin, behar bezala egiaztatutako kasuetan eta epaimahaiak halakotzat jotzen dituenetan izan ezik. Arau bera aplikatuko zaie izangaiei nahitaezko ariketak egiten hasiak direnean.}Borondatezko probak egitera aurkeztu ezean edo berandu azalduz gero, proba horiek egiteari uko egin zaiola ulertuko da.
4.‑ Jarduteko hurrenkera. Izangaiek egingo dun zozketan zehaztutako hurrenkeran jardungo dute. Zozketan ateratako hizkiaz hasten den abizena duen izangairik egon ezean, jarduteko hurrenkera hurrengo hizkiak zehaztuko du, dagokionaren arabera.
5.‑ Identifikazioa. Kalifikazio Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal die izangaiei identifikatzeko; hori dela‑eta, oposizioko ariketa guztietara eraman behar da nortasun‑agiria edo epaimahaiak izangaia identifikatzeko egokitzat jotzen duen edozein agiri (pasaportea, gidabaimena, Atzerritarraren Nortasun Zenbakia...).
6.‑ Denborak edo baliabideak egokitzea. Abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuko 8. artikuluak eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen dutenarekin bat etorriz, Epaimahaiak deialdi honetako probak egiteko denborak eta baliabideak beharrezkotzat jotzen duen eran egokitzeko ahalmena izango du, desgaitasunen bat egiaztatu eta beren eskabidea egiterakoan egoera hori adierazi duten pertsonentzat, egokitzapen horien bidez probaren izaera hutsaldu gabe, betiere, edo probaren eskakizun‑maila kaltetu edo murriztu gabe. Zentzu horretan, egokitu diren probak gainerako izangaiek egiten dituzten baldintza berbetan egiten direla bermatu beharko da.
7.‑ Ariketen arteko tartea. Oposizioko ariketa bat amaitu eta hurrengoa hasteko gutxieneko epea 72 ordukoa izango da eta gehienekoa 45 egunekoa. Hala ere, epaimahaiak erabaki dezake saio bakarrean ariketa bat baino gehiago batera egitea, egoki irizten badio. Era berean, izangaiei ariketak irakurtzeko eska diezaieke; hala bada, irakurraldia jendaurrean egingo da, epaimahaiak adierazitako egunean eta orduan, beti ere, 48 ordu lehenago jakinarazita.
HAMARGARRENA.‑ Hautaketa‑prozesuaren kalifikazioa
1.‑ Emaitzak argitaratzea. Ariketa bakoitzaren puntuazioak iragarki‑taulan eta web‑orrian dagozkien iragarkia jarriz jakinaraziko dira jendaurrean, Epaimahaiak kalifikazioa erabaki eta hurrengo 24 orduen barruan.
2.‑ Oposizio‑faseko ariketen kalifikazioa. Oposizioko ariketa bakoitzaren kalifikazioak, oro har, honela ezarriko dira: Epaimahaiko kideek emandako puntuazioak batuko dira; batuketa horren emaitza epaimahaikideen kopuruaz zatituko da, eta zatidura hori izango da haietako bakoitzaren behin betiko kalifikazioa. Hala eta guztiz ere, Epaimahaiak kalifikaziorik handiena eta txikiena baztertzea erabaki ahalko du, edo, hala gertatzen denean, errepikatu egiten diren halako kalifikazioetako bat, gainerako kideek emandako batez besteko kalifikaziotik gehiegizko desbideratzea dagoela antzematen denean, kalifikazio globalean homogeneotasun handiagoa lortzearren.
3.‑ Merezimenduak balioestea lehiaketa‑fasean.
a) Oposizio‑fasea gainditzen dutenek, epe jakin bat edukiko dute ‑deialdiaren oinarri espezifikoetan ezarritakoa‑ beren merezimenduak ziurtatzeko agiriak aurkezteko. Hautaketa‑prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko azken egunera arteko merezimenduak hartuko dira kontuan.
b) Lehiaketa‑faseko merezimenduak balioesteko (betiere oposizio‑fasea gaindituz gero) batu egingo dira deialdiko oinarri espezifikoetako baremoen arabera esleitutako puntuak. Hala ere, zati honetako puntuazioa, gehienez ere, oposizio‑fasean lor daitekeen puntuazioaren % 45 izango da.
4.‑ Azterketak berrikustea eta kalifikazioei buruzko erreklamazioak. Oro har, hiru egun baliodun egongo dira ‑epaimahaiaren erabakia argitaratzen den egunetik aurrera‑ azterketak berrikusteko eskatzeko edota azterketetako kalifikazioei buruzko erreklamazioak aurkezteko. Hala ere, hori ez da eragozpen izango epaimahaiaren jarduna aurkaratzeari buruz Zazpigarren Oinarrian ezarritakoa aplikatzeko.
5.‑ Azken kalifikazioa eta izangaien hurrenkera.
a) Hautaketa‑prozesuaren amaierako kalifikazioa lortzeko, batu egingo dira oposizio‑fasean (ariketa guztietako puntuazioen batura) eta, hala bada, lehiaketa‑fasean (merezimendu guztien puntuazioen batura) eskuratutako puntuak. Azken kalifikazioak erabakiko du izangaien hurrenkera.
b)Euskal Funtzio Publikoari buruzko Eusko Legebiltzarraren 6/1989 Legearen 27.2 artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 a) artikuluarekin bat etorrita, gaitasun bera izanez gero, lehentasuna emango zaio kasuan kasuko lanpostuan % 40tik beherako ordezkaritza duen sexuari, salbu eta beste izangai batzuek neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak badituzte, sexuagatiko diskriminatzaileak ez badira, hala nola enplegua lortzeko eta mailaz igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
c) Aurreko paragrafoan arautakoa gorabehera, berdinketa apurtu ez bada, irizpide hauek erabiliko dira hurrenkera ezartzeko: lehenengoa, oposizio‑fasean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde; bigarrena, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren zerbitzura denbora gehien eman duenaren alde; hirugarrena, EAEko administrazio publikoen zerbitzura denbora gehien eman duenaren alde; laugarrena, beste administrazio publiko batzuen zerbitzura denbora gehien eman duenaren alde eta, azkena, adinez nagusiena denaren alde.
d) Oposizio‑fasea baino ez duten hautaketa‑prozesuetan, berdinketa egonez gero, eta b) atalean ezarritakoa kontuan hartuta berdinketa apurtu ez bada, oposizio‑faseko ariketa guztiak gainditu dituztenen artean, irizpide hauek erabiliko dira hurrenkera ezartzeko: lehenengoa, azken‑aurreko ariketan puntu gehien lortu dituenaren alde; bigarrena, aurreko ariketan puntu gehien lortu dituenaren alde eta horrela, hautaketa‑prozesuko lehenengo ariketa gainditu dutenen zerrenda atera arte.
HAMAIKAGARRENA.‑ Probak gainditu dituztenen zerrenda
1.‑ Ariketak gainditu dituzten pertsonen zerrenda argitaratzea
Oposizio‑faseko ariketa bakoitzaren zuzenketa bukatzen denean, Epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, dagozkien kalifikazioekin batera, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren iragarki‑taulan eta web‑orrian:
- Barne-igoerako txandan gainditutakoen zerrenda:
- Desgaitasuna duten pertsonen txandan gainditutakoen zerrenda:
- Gainerako izangai gaindituen zerrenda.
2.‑ Hautatutakoen zerrenda
a) Hautaketa‑prozesuko proben edo merezimenduen kalifikazioa eman ondoren, Epaimahaiak hautatutako pertsonen zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrendako pertsonen kopurua ezin izango da izan deitutako lanpostu‑kopurua baino handiagoa, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, eta dagokion izendapen‑proposamena egingo du, zerrenda hori presidenteari bidalita. Era berean, azken saioko akta bidaliko zaio, hautaketa‑prozesuko ariketa guztiak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendarekin (hau ere, puntuazioaren araberakoa). Zerrenda hori lanpostua lortu dutenen arteko norbait lanpostuaz jabetuko ez balitz erabiliko litzateke bakar‑bakarrik, ez beste ezertarako. Hala ere, zerrenda honetan egoteak ez du beste inolako eskubiderik ematen, ez eta lanpostuaz jabetzekoa ere.
b) Aurreko zerrendak bereizita osatu beharko dira, derrigorrezko hizkuntza‑eskakizuna duten lanpostuak diren edo ez kontuan hartuta.
c) Lehen ere aipatu dugunez, hautaketa‑prozesuan trataera desberdina emango zaie txanda askeko izangaiei eta desgaitasuna duten pertsonen txandakoei, onarpen‑zerrendei, ariketetarako deiei eta gainditutakoen zerrendei dagokienez. Hala ere, prozesua amaitutakoan zerrenda bakarra egingo da, eta bertan bilduko dira hautaketa‑proba guztiak gainditu dituzten izangaiak, lortutako puntuazioaren arabera, zein txandatakoak diren kontuan hartu gabe; salbuespena izango da barne-igoerako txandakoa izatea, horiek euren zerrenda izango dute eta. Zerrenda hori erabakigarria izango da destinoak eskatzeko eta esleitzeko.
d) Desgaitasuna duten pertsonen txandako lanpostuak ez badira txanda askeko edo barne-igoerako deialdietan betetzen, beste txandetako lanpostuei gehituko zaizkie.
e) Barne-igoerako txandarako gordetako lanpostuak ez badira betetzen, txanda askea areagotu egingo da.
f) Deitutako lanpostu‑kopurua handitu ahalko da, dagokion deialdiaren ostean onartutako enplegu publikoko eskaintzetan dauden lanpostu hutsen arabera, baldin eta oinarri espezifikoek hala ezartzen badute. Lanpostu‑kopuruaren gehikuntza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Presidentetzaren ebazpenaren bidez; horietatik hizkuntza‑eskakizuna derrigorrezkoa duten lanpostuak zenbat diren adierazi beharko da eta gainditutakoen zerrenda argitaratu aurretik (oinarri honetako 1. puntua) argitaratu beharko da.
3.‑ Lan‑poltsak
Hautaketa‑prozesua gainditu baina plazarik lortu ez dutenen zerrendak TEAri aldi baterako zerbitzuak emateko erabiltzen diren lan‑poltsetan sartuko dira. Lan‑poltsa horien indarraldia dagokion deialdian hautatutako pertsonak lanpostuaz jabetzen diren egunaren biharamunean hasiko da.
4.‑ Epaimahaiaren erabakiak
Kalifikazio Epaimahaiaren erabakiak lotesleak izango dira izendapena egiteko ardura duen organoarentzat; hala ere, hori ez da eragozpen izango organo horrek kalifikazioak berrikusteko, indarrean dagoen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitakoaren arabera.
HAMABIGARRENA.‑ Dokumentuak aurkeztea
a).‑ Dokumentuen zerrenda
Lanpostuak betetzeko proposatuta diren pertsonek 20 eguneko epea izango dute, gaindituen zerrenda argitaratzen denetik zenbatzen hasita, hautaketa‑prozesuan parte hartzeko deialdiaren oinarrietan eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak Kalitatea, Giza Baliabideak eta Zerbitzu Orokorrak Arloan aurkezteko:
1.‑ Behar bezala konpultsaturiko NANaren fotokopia edo dagokion Erregistro Zibilak emandako jaiotza‑ziurtagiria.
2.‑ Eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabetuta ez dagoela eta administrazio publikoko zerbitzutik diziplina‑espediente bidez bereizita ez dagoela jasotzen duen adierazpena.
3.‑ Herri Administrazioetan jarduten duten langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako inolako bateraezintasun‑kausatan sartuta ez dagoela jasotzen duen adierazpena.
4.‑ Mediku‑ziurtagiria, Korporazioko Mediku Zerbitzuek emandakoa, beren eginkizunak normaltasunez betetzea eragozten duen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dutela egiaztatzen duena, 1987ko irailaren 24ko Osoko Bilkuraren Erabakiaren bidez onartutako Baztertzeko Baremoan ezarritakoaren arabera. Horretarako, azterketa medikoa eta behar diren proba mediko guztiak egingo zaizkie hautaketa‑prozesu osoan, Baztertzeko Baremoarekiko egokitasuna egiaztatzeko. Medikuen egiaztagiriaren aurka eginez gero, izangaiak onartu egingo du hura egiteko oinarri izan diren txostenak erreklamazioa aztertuko duten organoen eskueran jartzea, izangaiaren ohorerako eskubidea ukitzen dutenean izan ezik. Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, beteko dituzten lanpostuetan aritzeko gaitasuna badutela adierazten duen agiria aurkeztu beharko dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren Minusbaliatuen Oinarrizko Zentroak emana.
5.‑ Lanpostu bakoitzera sartzeko eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua eskuratzeko eskubideen ordainagiria, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/89 Legearen 43. artikuluaren arabera; tituluok deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutakoak dira.
6.‑ Dagokion deialdian eskatzen diren gainerako betekizun espezifikoen ziurtagiriak.
7.‑ NANkoaren neurriko bi argazki.
c).‑ Epea ez betetzea.
Proposatutako pertsonek ez badituzte aurkezten adierazitako epean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdian parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzen duten agiriak, edo agiriak aztertuta edo medikuen azterketaren ondorioz ikusten bada baldintzetakoren bat ez dutela betetzen, deialditik kanpo geratuko dira eta beraz, ezin izango dira izendatu. Hori gertatuz gero, baliorik gabe geratuko dira ordura arte egindako jarduketa guztiak eta, gainera, litekeena da erantzukizuna izatea beren gain hautaketa‑prozesuan parte hartzeko eskabidean datu faltsuak agertzeagatik. Horrelakoetan, presidenteak izendapen‑proposamena egingo du hautaketa‑prozesuko ariketa guztiak gainditu eta aipatutako deuseztapenaren ondorioz deitutako lanpostu‑kopuruan sartzen direnen alde.
Hautaketa‑prozesu honetako gainditutakoen zerrendak baliagarriak izango dira aldi baterako langileak kontratatzeko, betiere indarreko araudian aurreikusten diren kasuetan, baita kategoria honetako beste kontratazio batzuk egiteko ere, egin daitezkeenean.
HAMAHIRUGARRENA.‑ Lanean hastea
1.‑ Lanean hastea‑ Aipatutako dokumentazioa aurkezteko epea igarotakoan, plantillako langile lan‑kontratudun finko gisa lanean hasteko proposamena egingo da.
2.‑ Probaldia
a) Lan‑kontratu bakoitzak legez ezarritako probaldia izango du. Probaldiaren edozein unetan, izangaiaren kontratazio‑proposamena baliogabetu ahal izango da, baldin eta izangaiak ez baditu betetzen gaitasun‑ edo egokitzapen‑baldintza egokiak. Ildo horretan, dagokion zuzendaritzak edo arloak proposamena egingo dio hautaketa‑prozesuko epaimahaiari, eta, txostena aztertu ondoren, izangaia lanean hasteko proposamena baliogabetzea bidezkoa den ala ez erabakiko du, eta dagokion proposamena egingo dio presidenteari, dagokion moduan.
b) Lanean hasteko proposamenak interesdunei jakinarazi, eta iragarki‑taulan, “Bizkaiko Aldizkari Ofizialean” eta BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK TEAren web‑orrian argitaratuko dira
HAMALAUGARRENA.‑ Lanpostuei atxikitzea
Justifikatutako arrazoirik gabe epe horretan lanean hasten ez direnek lanpostuari uko egiten diotela ulertuko da, eta eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, presidenteak hautaketa‑prozesu osoa gainditu eta uko egitearen ondorioz deitutako lanpostu‑kopuruan sartzen direnen aldeko proposamena egingo du.
Desgaitasuna duten pertsonen txandan onartuak izan diren eta langile lan‑kontratudun gisa izendatuak izan diren pertsonen kasuan, BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK TEAri eskatu ahal izango diote lanpostuei atxikitzean kontuan har ditzala mendekotasun pertsonalaren arrazoiak, lekualdatzeko zailtasunak edo pertsona horiei eragin diezaieketen antzeko beste batzuk.
HAMABOSGARRENA.‑ Azken arauak
Erabaki hau zuzenean aurkaratu ahalko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, administrazio‑xedapen orokorra baita.
Deialdien eta epaimahaien jardunaren ondoriozko administrazio‑egintzak aurkaratu egin ahalko dira interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako kasuetan eta moduan.
-
1
2025/04/16
IRAGARKIA BAO INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO TEKNIKARIA -
2
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 17-18 GAIEN GALDERA SORTA -
3
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 1-16 GAIEN GALDERA SORTA -
4
2025/03/19
GAITEGIAREN GAI KOMUNEN GALDERA SORTAREN AURKIBIDEA -
5
2025/02/18
IRAGARKIA BAO INFORMATIKA-TEKNIKARIA