Deialdiko oinarri espezifikoak Antolaketa Teknikari


DEIALDI PUBLIKOA BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK TOKI. ERAKUNDE AUTONOMIADUNEKO ANTOLAKETA TEKNIKARI PLAZA BAT PLANTILLAKO LAN-KONTRATUDUN LANGILE. FINKO GISA BETETZEKO. OINARRIAK. Lehenengoa.-Deialdiaren helburua. Deialdi honen helburua da Antolaketa Teknikari plaza huts bat plantillako lan-kontratudun langile finko gisa betetzea, Kalitate eta Giza Baliabideetako arduradun lanpostua betetzeko. Lanpostu hori Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomiadunaren Lanpostuen Zerrendan jasota dago, eta dagokion eranskinean adierazita dago, izan ere, eranskin hori oinarri hauei erantsi zaie, ondorio guztietarako. Plaza hori eranskin horretan zehaztutako aukeraketa prozeduraren edo lanpostua eskuratzeko sistemen bidez beteko da. Kalitate eta Giza Baliabideen Arduradun lanpostua Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko Zuzendaritza Batzordeak 2007ko irailaren 25ean egindako batzarrean onartu zen, eta erabaki hori 2007ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen. Epaimahaiak ezin izango du adierazi hautaketa-prozesua gainditu duten hautagaien kopurua deitutako lanpostuena baino handiagoa dela. Beraz, muga hori hausten duen edozein proposamenek ez du inolako baliorik izango. Bigarrena.-Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak edo betekizunak. Hautaketa prozeduran parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira: 1. Espainiako nazionalitatea izatea edo Europako Batasuneko edozein estatu kidetako nazionalitatea izatea; edo, bestela, Europako Batasunak sinatutako eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko nazionalitatea izatea. Halaber, Europako Batasuneko estatuetako nazionalitate dutenen ezkontideek ere hartu ahal izango dute parte, baldin eta legez banatuta ez badaude, eta baita nazionalitatea duenaren eta haren ezkontidearen ondorengoek ere, baldin eta, kasu honetan ere, bi ezkontideak legez banatuta ez badaude; aipatutako ondorengoek 21 urte baino gutxiago izan beharko dute edo, bestela, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi. Era berean, aurreko paragrafoetan aipatu ez diren atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta bizilekua espainiar estatuan badute. Hautatuko balira, kontratua eratu aurretik, kontratuaren helburu den jardueran aritzeko baimen administratiboa dutela egiaztatu beharko lukete. 2. Adinari dagokionez, 16 urte beteta izatea eta derrigorrezko erretirorako adina ez gainditzea. 3. Gaixorik ez egotea, ezta akats fisiko edo mentalik izatea ere, baldin eta eginkizunak betetzeko eragozpide bada; edonola ere, minusbaliatuak gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legea ezarriko da. 4. Diziplinako espedientearen bidez inongo herri administraziotik baztertuta ez egotea eta herri eginkizunak betetzeko ezgaituta ez egotea ere, eta, era berean, elkargo profesionaletarik edozeinetan diziplinako espediente bidez baztertuta edo zigortuta ez egotea. 5. Plaza betetzeko behar den titulazioaren jabe izatea (oinarri hauei erantsitako eranskinean dago zehaztuta), Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, edo, bestela, titulazio hori lortzeko eskubideak ordainduta izatea. 6. Herri Administrazioaren zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko kausaren batean sartuta ez egotea. 7. Oinarri hauei erantsitako eranskinean bete beharreko plazarako berariaz ezartzen diren beste baldintza guztiak. Aurreko betekizun guztiak eskariak aurkezteko epea amaitzen denean izan beharko dituzte hautagaiek, 2. puntuan adierazitakoa izan ezik, eta aukeraketa prozesuan lan kontratua sinatu arte betekizun horiei eutsi beharko diete, dagokion eranskinean bestelakorik adierazi ezean. Hirugarrena.- Eskabideak. Aukeraketa prozesuan parte hartzeko eskabideak Erakunde honen bulegoetan emango den eredu ofizialaren arabera aurkeztuko dira. Bulegoak Bilboko Kristo kaleko 1. zenbakiko 4. solairuan daude. Eskabide horietan hautagaiek deialdi honen oinarrietan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute. Eskabideak Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomiaduneko presidenteari bidaliko zaizkio eta bulego orduen barruan aurkeztu beharko dira, deialdiaren iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean agertzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita egutegiko 20 eguneko epean. Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legean (1992ko azaroaren 27ko EAO) ezarritako prozeduretatik edozeinen bidez ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Eskatzaileek, eskabidearekin batera, NANaren fotokopia eta eskatzen den tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute, bai eta alegatutako merituen zerrenda bat ere, meritu horiek egiaztatzeko behar diren agirien fotokopia konpultsatuekin batera. Eskabideak aurkezteko epean aurkeztutako eta egiaztatutako merezimenduez gain ezin izango da beste merezimendurik baloratu, ezta, epe horretan aurkeztu arren, epe horren ondoren egiaztatutakoak ere. Eskabideetan akatsik egonez gero, interesatuari 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko eskatuko zaio, izan ere, akatsa zuzendu ezean, eskabidea beste tramiterik egin gabe artxibatuko dela ohartaraziko zaio. Laugarrena.-Hautagaiak onartzea. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Toki Erakunde Autonomiaduneko Presidentziak ebazpena emango du gehienez ere hilabeteko epean, eta ebazpen horren bidez onartutako eta kanporatutako hautagaien behin-behineko zerrenda onartuko da. Ebazpen hori eta kalfikazio-epaimahaia osatzen duten kideen zerrenda Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarriko da eta ikusgai jarriko da deialdi hau egiten duen erakundearen bulegoetako iragarki oholean. Era berean, egutegiko 10 eguneko epea izango da, aipaturiko iragarpena Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko, hautagaien zerrendatik baztertzea eragin duten akatsak edo alderauzketak konpontzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ebazpen horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari bi hilabeteko epean, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Dena dela, bidezkotzat jotako beste edozein errekurtso ere jarri ahal izango da. Bosgarrena.-Kalifikazio-epaimahaiaren osaketa eta jarduketa. Kalifikazio-epaimahaia Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31 eta 32. artikuluekin bat etorriz osatuko da eta honako kideak izango ditu: Presidentea: - Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren zuzendaria, eta ordezkoa zuzendariorde teknikoa izango da. Mahaikideak: - Bilboko Udalak proposatuta izendatutako bat. - HAEEk proposatuta izendatutako bat. - Sindikatuetako ordezkaritzak proposatuta izendatutako bat. Idazkaria: - Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko idazkaria. Autonomia Erkidegoari Kalifikazio-epaimahaietan dagokion ordezkaritzaz gain, Erkidego horretako ordezkari batek epaimahai horietan parte hartuko du euskararen ezagutza egiaztatzeko probetan. Era berean, epaimahai horretan, titularrekin batera, dagozkion ordezkoak izendatuko dira. Epaimahaiko mahaikideek ez dute parte hartuko, izan ere, presidenteari jakinaraziko diote, eta hautagaiek ezetsi egin ahal izango dituzte, honi buruz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 28 eta 29. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Epaimahaia osatuko duten kideak ez dira legez bost baino gutxiago izango, eta, izan ere, epaimahaia ezingo da eratu eta ezin izango du jardun, epaimahaia osatzen duten kideetarik erdiak, titularrak zein ordezkoak, bertan ez badaude, eta, edozelan ere, gutxienez hiru kide izan beharko dira. Dena dela, presidentea eta idazkaria, edo beraien arauzko ordezkoak, bertan izan beharko dira. Epaimahaikide guztiek hizpidea eta hautespidea izango dituzte, idazkariak izan ezik, hautespiderik ez baitu izango. Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira eta berdinketa izango balitz presidente gisa diharduenaren botoak erabakiko luke. Edozelan ere, batzarretara aztertuko diren gaietan adituak direnak etortzeko eskatu ahal izango dute epaimahaiek, izan ere, aditu horiek, aholkulari gisa, beraien espezialitateko gaietan hizpidea izango dute baina ez dute hautespiderik izango. Epaimahaiak eskumena izango du sortutako zalantzak argitzeko eta hautaketa-prozesua behar den moduan garatzeko beharrezkoak diren erabaki guztiak hartzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian. Epaimahaiko kideek, hala badagokio, epaimahaiaren batzarretara etortzeagatik dagozkion dietak jasoko dituzte, legez ezarritako kopuru eta formaltasunekin. Seigarrena.-Hautaketa prozesua. 1. Hautagaiak aukeratzeko prozedura deialdi honen oinarrien eranskinean jasotakoa izango da. 2. Oposizio fasea deialdi honen oinarrietan adieraziko diren ariketek osatuko dute. 3. Lehiaketa fasean hautagaiek aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira; eta hautagai bakoitzari, oinarri hauen eranskinean jasotako baremoaren arabera, merezimendu horietako bakoitzari dagozkion puntuak emango zaizkio. Eskaera orriak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte lortutako, alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak bakarrik hartuko dira kontuan. Lehiaketaren fasea ez da baztertzailea izango eta fase horretan lortutako puntuak ere ez dira kontuan hartuko, oposizioaren faseko probak gainditzeko orduan. Fase honetan oposizio fasea gainditu duten hautagaiak baloratuko dira. 4. Laneratzeko, lanean mailaz igotzeko eta lanpostuak hornitzeko indarrean dagoen Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, minusbaliotasuna duten pertsonak hartuko dira, beste hautagaiekin alderatuta baldintza berberak badituzte eta maila bera lortu badute hautaketa prozesuan. Horretarako, minusbaliotasuna duten pertsonek eskatuz gero, hautaprobetan ahal diren egokitzapenak egingo dira denboran eta baliabideetan; hain zuzen ere, hautaprobetan parte hartzeko eskabidean horretarako eskari zehatza egin beharko dute. 5. Ariketa bakoitzeko puntuazioak deialdia egiten duen erakundearen iragarki-oholean jarriko den iragarkiaren bidez jakinaraziko dira. Zazpigarrena.-Hautaketa prozesuaren hasiera. Oposizio faseko lehenengo ariketaren lekua, eguna eta hasiera ordua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta erakundearen iragarki-oholean argitaratuko dira, hautaketa prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera. Oposizioko ariketa bakoitza amaitu eta hurrengoa hasi arte, 72 orduko epea igaro beharko da gutxienez, eta egutegiko 45 egunekoa gehienez ere. Idazkariak egingo duen zozketaren arabera -gutxienez hiru mahaikide bertan direla- jardungo dute hautagaiek. Zozketa horretan ateratako letraz hasten den deiturarik ez badago deialdian, jarduteko hurrenkera letra horren hurrengoek ezarriko dute. Oposiziogileei deialdi bakar batean egingo zaie ariketa bakoitzerako deia. Deia jaso arren, hautagaiak edozein ariketatara aurkezten ez badira, ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea galduko dute zuzenean, eta, beraz, hautaketa prozesutik kanpo geratuko lirateke. Oposizioaren gainontzeko ariketei buruzko iragarkiak Toki Erakunde Autonomiadunaren iragarki-oholean argitaratuko ditu epaimahaiak. Iragarki horiek, gutxienez, hurrengo ariketa egin baino 24 ordu lehenago jarri beharko dira jendaurrean. Kalifikazio-epaimahairen kideek edozein momentutan eskatu ahal izango die hautagaiei behar bezala identifikatzeko. Horretarako, ariketa bakoitza egitera NANarekin etorri beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz oposiziogilearen nortasuna behar bezala egiaztatzen duen beste edozein agirirekin (pasaportea, gidabaimena, etab.). Hautaketa prozesuaren edozein momentutan, epaimahaiak jakingo balu hautagaietariko batek ez duela deialdian eskatzen diren betekizunak betetzen, hautaketa prozesutik kanpo geratuko litzateke. Zortzigarrena.-Hautaproben kalifikazioa. Lehiaketako merezimenduen balorazioa oinarri hauetako eranskinean zehaztutako merezimendu baremoaren arabera emandako puntuak batuz egingo da. Oposizio aldiko ariketak oinarri hauen eranskinean adierazi den eran kalifikatuko dira. Oposizioko ariketa bakoitzaren kalifikazioak honela ezarriko dira: Epaimahaiko kideek emandako puntuazioak batuko dira eta, gero, kopuru hori zati epaimahaian izan diren epaimahaikide kopurua egingo da, eta zatidura hori izango da behin betiko kalifikazioa. Hautaketa prozeduraren azken kalifikazioa oposizio eta lehiaketa aldietan lortutako puntuazioen batura izango da. Berdinketa badago, lehenengo eta behin, lehengo postua oposizio aldian punturik gehien lortu duenarentzat izango da; bigarrena, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat; hirugarrena, Bilboko Udaleko tokiko Administrazioaren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat; laugarrena, EAEko Herri Administrazioaren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat eta, azkenik, bosgarrena, Estatuko Administrazioaren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat. Bederatzigarrena.-Gainditu dutenen zerrenda. 1. Oposizio aldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa bukatzen denean, epaimahaiak dagozkion emaitzak argitaratuko ditu iragarki-oholean. 2. Hautaketa prozesua osatzen duten proben eta/edo merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak puntuazio hurrenkeraren arabera argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, eta gainditutako kopuru hori ezin izango da deitutako plazen kopurua baino handiagoa izan. Zerrenda hori Presidentziara bidaliko du, dagokion kontratazio proposamena egin dezan. Aldi berean, azken bileraren akta ere bidali beharko du. Bertan zehaztu beharko dira hautaproba guztiak gainditu arren deitutako plazen kopurutik gora geratu diren hautagaiak, puntuazio hurrenkeran. Eta hori egingo da plaza lortu duen hautagaietariko batek ez balu plaza hori hartuko, zerrenda horretako hurrengoak hartzeko; hori izango da zerrenda horren helburu bakarra, hau da, ez da beste eskubide ez asmorik izango. Hamargarrena.-Agirien aurkezpena. Gainditu dutenen zerrenda argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, egutegiko 20 eguneko epearen barruan, proposatutako oposiziogileak hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko deialdiaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko ditu Langileria Sailean. Agiri hauek aurkeztu beharko ditu: 1. Jaiotza ziurtagiria, erregistro zibil eskudunak luzatua. 2. Diziplinazko espediente baten bitartez inolako Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizi ez dutelako aitorpena, bai eta egin beharreko lanpostuari dagokionez inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez duelako aitorpena ere. 3. Lanpostuaren eginkizunak normaltasunez betetzea eragozten duen gaixotasun edo akats fisikorik ez psikikorik ez daukala ziurtatzen duen mediku-ziurtagiria, Udal Zerbitzu Medikoek egindakoa, Udalbatzak 1987ko irailaren 24an onartutako Baztertzeko Baremoarekin bat etorriz. Horretarako, dagokion azterketa medikoa egingo zaie hautagaiei, baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, eta, era berean, behar diren azterketa mediko guztiak egin ahal izango dira hautaketa prozesu osoan zehar Baztertzeko Baremo horretara egokitzen direla egiaztatzeko. Ziurtagiri medikoa aurkaratuz gero, hautagaiak onartu egingo du ziurtagiri hori emateko oinarri diren txosten teknikoak erreklamazioa aztertuko duten organoen esku uztea, baldin eta hautagaiaren ohorerako eskubidea ukitzen ez badute. Minusbaliatu izaera duten hautagaiek, gainera, agintaritza eskudunak lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitasuna dutela adierazteko egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute. 4. Oinarri hauen eranskinean deitutako plazarako zehazten den titulua, tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 9ko 6/1989 Legearen 43. artikuluan eskatzen denez. 5. Oinarri hauetan eta oinarri hauen eranskinean eskatzen diren gainontzeko betekizun zehatzen agiri bidezko justifikazioa. Funtzionario publikoa den hautagaiak ez ditu aurkeztu behar izango funtzionario izendapena jaso ahal izateko aurkeztu behar izan zituen baldintza eta betekizunei buruzko agiriak. Horien ordez, dagokion ministerioaren, udal korporazioaren edo erakunde publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, funtzionario izaera eta bere zerbitzu orrian agertzen diren gainerako inguruabarrak egiaztatzeko. Adierazitako epean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako hautagaiak bere agiriak aurkezten ez baditu edo eskatutako betekizun guztiak betetzen ez baditu, ezin izango da izendatu eta bere jarduketa guztiak baliogabetu egingo dira, eskaeran datuak faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzita. Kasu horretan, Toki Erakunde Autonomiaduneko presidenteak gainontzeko hautagaien artean puntuaziorik gehien daukana izendatzeko proposatuko du. Hamaikagarrena.-Lan kontratua izenpetzea. TEA honetako presidenteak proposamena onartu ondoren, izendatutako hautagaiak 30 eguneko epea izango du, izendapena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, lanpostuaz jabetzeko. Justifikatutako arrazoirik izan ez, eta aipatutako epe horren barruan ez bada jabetzen karguaz, kargugabetu egoeran geratuko da, karguari uko egiten diola ulertuko da, eta eskubide guztiak galduko ditu. Dena dela, Toki Erakunde Autonomiadunaren presidenteak, behar bezala justifikatu eta arrazoituta eskatuz gero, karguaz jabetzeko epea luza dezake, baina beti ere lehen aipatutako denbora tartearen erdia luzatu ahal izango du gehienez. Hamabigarrena.-Hautaproba desberdinetarako betekizun zehatzak. Deialdi honetako plaza lortzeko eskatzen den titulazioa, hautaketa sistema, programak eta plaza hori hartzeko betekizun zehatzak oinarri hauen eranskinean jaso dira berariaz. Hamahirugarrena.-Azken arauak. Oinarri hauetan ezarri ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoaren arabera jokatuko da: Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea; Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legea; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuak onartutakoa; Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua, ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretua eta 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoa, eta horietan guztietan gerora egon ahal izan diren aldaketa guztiak. Interesatuek deialdiaren, deialdiko oinarrien eta kalifikazio-epaimahaiaren jarduketetatik erator daitezkeen administrazio egintzen aurka egiteko aukera izango dute, indarrean dagoen Administrazio Prozeduraren Legean ezarritako kasuetan eta eran. ERANSKINA. Lehenengoa.-Deitutako plaza. Antolaketako Teknikari plaza bat betetzeko deialdia egin da Kalitate eta Giza Baliabideen Arduradun lanposturako. Derrigorrezkoa ez den 3. hizkuntza-eskakizuna dauka eta lehiaketa-oposizio irekiaren bidez beteko da eta Erakunde honetan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboko A taldearen 8. mailari dagokion soldata izango du. Lanpostuaren eginkizunak, besteak beste, honako hauek izango dira: Giza Baliabideen politikak diseinatu eta ezartzea, prestakuntzari dagokionez, motibazio arloan, errendimendu arloan, ordainsariei dagokienez, ebaluazio profesionalaren esparruan edo bere kudeaketak dakartzan beste edozein alderditan. Erakundearen sail guztietan kalitatearen kudeaketa ezartzeko jarduerak, sustapen jarduerak, diseinu jarduerak eta dokumentazio jarduerak egitea. Zuzendaritzak ezarritako kalitate helburuak lortzeko behar diren jardueren koordinazioan eta ikuskapenean laguntza teknikoa eskaintzea. Erakundeko barne prozesuak definitzen dituzten prozeduren dokumentazioa eta ezarpena. Kalitatearen kudeaketa sistemen mantenimendua eta etengabeko hobekuntza. Plan estrategikoen eta prozesuen mapen diseinua eta garapena. Bigarrena.-Betekizun zehatzak. Unibertsitateko lizentziatu titulua izatea edo titulu hori lortzeko dagozkion eskubideak ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean. Hirugarrena.-Hautaketa sistema. Hautaketa lehiaketa-oposizio bidez egingo da. A) Oposizio fasea: Lehenengo ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Gehienez ere hiru orduan, deialdiari erantsitako programako edozein atalekin zerikusia daukan gai orokor bat garatu beharko dute, epaimahaiak ariketa egin aurre-aurrean erabakitakoa. Gaiak ez du zertan programako ataletako epigrafeekin hitzez hitz bat etorri. Hautagaiek askatasun handia izango dute azaltzeko moduari dagokionez. Ariketa honetan unibertsitate-prestakuntza orokorra, ideien argitasuna, idatzizko adierazpide erraztasuna, hautagaiaren ekarpen pertsonala eta sintesi gaitasuna baloratuko dira. Epaimahaiak ariketa irakurketa publiko bidez irakurtzea erabaki lezake, eta kasu horretan epaimahaiak erabakitako egun eta orduetan egingo da irakurketa hori. Bigarren ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Ahoz eta gehienez ere 45 minutuan, honi erantsitako gai zerrendatik zozketa bidez ateratako hiru gai garatu beharko dituzte; atal bakoitzetik bat. Hirugarren ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Idatzizko ariketa praktiko bat egin beharko da, epaimahaiak erabakitzen duen eran baina gehienez ere hiru orduko epean. Gaia epaimahaiak ariketa egin aurre-aurrean proposatutako hainbat gairen artean zozketa bidez aukeratuko da eta zerikusia izango du eranskineko gai-zerrendako II. eta III. ataletan dauden gaiekin. Ariketa hau egiteko, beraiek ekarri beharko dituzten kontsulta liburuak eta testuak erabili ahal izango dituzte izangaiek. Bigarren eta hirugarren ariketetan, batez ere arrazoitzeko gaitasuna, planteamenduaren sistematika eta marko kontzeptual eta praktikoaren ezagutza eta interpretazio egokia baloratuko dira. Epaimahaiak ariketa irakurketa publiko bidez irakurtzea erabaki lezake, eta kasu horretan epaimahaiak erabakitako egun eta orduetan egingo da irakurketa hori. Laugarren ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Proba psikoteknikoak izango dira, jarrera arloko ezaugarriak eta ezaugarri pertsonalak baloratzeko. Bosgarren ariketa: Borondatezkoa izango da eta ez da baztertzailea izango. Euskararen ezagutza egiaztatzeko proba izango da, epaimahaiak erabakitako eran 3. hizkuntza-eskakizunari dagokion maila egiaztatu beharko da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako ildoei jarraituz eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 99.1. artikuluan ezarritakoaren arabera. Ez dute hizkuntza-eskakizunik egiaztatu beharko dagokion hizkuntza eskakizunari buruzko HAEEren ziurtagiria duten hautagaiek edo, baliozkotzeei dagokienez, Euskararen erabilera normalizatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 41. artikuluan jasotako tituluren bat duten hautagaiek. B) Lehiaketa fasea: Hautagaiek eskabidea aurkezteko epearen barruan aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira lehiaketan; eta hautagai bakoitzari, honi erantsitako merezimenduen baremoaren arabera, dagozkion puntuak emango zaizkio. MEREZIMENDUEN BAREMOA: 1. Administrazio Publikoan, A taldean, Antolaketa Teknikari, Kalitate eta Giza Baliabideen Arduradun edo horien baliokide den kategoriarekin egindako zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, harreman juridikoa edozein izanik ere, zerbitzu zibil edo merkataritzazko errentamenduzkoak alde batera utzita, 0,50 puntu urteko edo sei hilabeteko edo gehiagoko zatiki bakoitzeko; gehienez, 3,5 puntu lortu ahal izango dira. Zerbitzu horien egiaztagiria legez ahalmena daukanak eman beharko du eta egiaztagiri horretan hautagaiak zerbitzu horiek zenbat denboraz eskaini dituen azaldu beharko da. 2. Enpresa pribatuan Antolaketa Teknikari, Kalitate eta Giza Baliabideen Arduradun edo horien baliokide den kategoriarekin egindako zerbitzuak, 0,25 puntu urteko edo sei hilabeteko edo gehiagoko zatiki bakoitzeko; gehienez, 3,5 puntu lortu ahal izango dira. Zerbitzu horiek lizentziatu gisa izan duen lan kontratuaren kopia bidez egiaztatuko dira, eta horrekin batera lan-bizitzaren ziurtagiria edo Gizarte Segurantzako kotizazio buletinen kopiak aurkeztu beharko dira, kotizatutako denbora egiaztatzeko, eta goi mailako teknikari gisa kotizatu duela (1. taldea) egiaztatzeko. Administraziorako eskainitako zerbitzuengatik eta lanbidearen jardun libreagatik, denbora tarte berberetan, ezin izango da puntuaziorik lortu, Administrazio eskudunak emandako dagokion bateragarritasun ebazpenaren egiaztagiria izan ezik. 3. Zentro ofizialetan edo homologatuetan erantsitako gai-zerrendako II. eta III. ataletako gaiekin zuzenean lotutako prestakuntza ikastaroak emateagatik/hartzeagatik: 0,010 puntu hartutako ordu bakoitzeko eta 0,020 puntu emandako ordu bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu. 4. Oinarri hauei erantsitako gai-zerrendako II. eta III. ataletako edozein gairi buruzko Masterra edo 600 ordutik gorako ikastaroa egin izana egiaztatzeagatik, 3 puntu Master edo ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 3 puntu. 5. Doktore gradua izateagatik... 0,50 puntu. 6. Hizkuntzen ezagutza egiaztatzen duten titulu ofizial homologatuak izateagatik hona hemen emango diren puntuak: ingelesa: 1,50 puntu; frantsesa: 0,75 puntu; eta alemana: 0,75 puntu. Gehienez ere, 3 puntu lortu ahal izango dira. 7. Informatika ikastaroak egiteagatik: 0,20 puntu ikastaro bakoitzeko, 15 ordu baino gehiagokoak badira; gehienez 1,50 puntu. Gehienezko puntuazioa: 18 puntu. Laugarrena.-Ariketen kalifikazioa. Oposizio aldiko lehenengo lau ariketetan (nahitaezkoak eta baztertzaileak) gehienez ere 10 puntu emango dira bakoitzean, eta kanporatu egingo dira ariketa bakoitzari esleitutako puntuen erdiak lortzen ez dituzten oposiziogileak. Oposizio aldiko bosgarren ariketan (borondatezkoa eta ez-baztertzailea) gehienez ere 9 puntu lortuko ditu 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duenak; 5,8 puntu, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duenak; eta 3,5 puntu, 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duenak. Hautagaietako batek ere ez baditu gainditzen hemen adierazitako gutxieneko kalifikazioak, epaimahaiko presidenteak deialdia hutsik gelditu dela adierazi ahal izango du. GAIAK. I. ATALA. OROKORRA. 1. gaia: Estatua. Kontzeptua. Osagaiak. Estatu motak. Estatuaren funtzioak. Botere-banaketaren teoria. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Printzipio orokorrak. Espainiar Estatua, Zuzenbideko Estatu Sozial eta Demokratiko gisa. Oinarrizko eskubideak. 2. gaia: Estatuaren lurralde antolaketa. Autonomia estatutuak. Esanahia. Europar Batasuna. Bilakaera eta Instituzioak. Europar Konstituzioa. 3. gaia: Euskal Herriko Autonomi Estatutua. Aurrekari historikoak. Aurrekariak. Atariko titulua. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenak: berari bakarrik dagozkionak, legegintzazko garapen eta betearazpenerakoak. 4. gaia: Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren botereak. Eusko Legebiltzarra, Jaurlaritza eta Lehendakaria. Estatutuaren eraldaketa. Xedapen gehigarriak eta iragankorrak. 5. gaia: Lurralde historikoetako erakundeak. Ogasuna eta Ondarea. Maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Ituna onetsi zuena. 6. gaia: Uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa. Azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizkoa. 7. gaia: Administrazioaren Legearekiko eta Zuzenbidearekiko menpekotasuna. Zuzenbide Publikoaren iturriak. Legea: lege motak. Administrazio Publikoaren nortasun juridikoa. 8. gaia: Pertsona juridiko publiko motak. Administrazioaren ahalak. Araupeko ahala eta zuhurtziarako ahala. Araudia. 9. gaia: Administratua. Kontzeptua eta motak. Administratuaren gaitasuna eta gaitasun hori aldatzen duten arrazoiak. Administratuaren lankidetza eta partaidetza Administrazio Publikoan. 10. gaia: Administrazio egintza. Kontzeptua. Administrazio egintza motak. Administrazio egintzaren osagaiak. Administrazio prozedura. 11. gaia: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea. Printzipioak, aplikazio-eremua eta oinarrizko edukia. 12. gaia: Administrazio prozedura orokorraren aldiak. Prozeduraren denborazko dimentsioa. Agiriak jasotzea eta erregistratzea. 13. gaia: Interesatua eta interesatuaren ordezkaritza. Berri emateak eta jakinarazpenak. Administrazio isiltasuna. 14. gaia: Administrazio egintzen eragingarritasuna eta baldintzapena. Bete beharra eta etendura. Administrazio egintzen betearazpena. 15. gaia: Administrazio egintzaren baliogabetasunari buruzko teoria. Egintza deusezak eta deuseztakorrak. Administrazio egintzaren baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena. Baliabideen sistema. 16. gaia: Administrazio kontratazioa. Kontratu publikoen izaera juridikoa. Zibilekiko desberdintasunak. Kontratu publiko motak. Estatuko kontratuen legedia. 17. gaia: Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoa eta administrazioaren prestazioak. Zerbitzu publikoa kudeatzeko erak. 18. gaia: Udalen antolaketa eta eskumenak. Udal organo elkargokideen akordio eta saioen erregimena. Tokiko erakundeen ordenantza eta araudiak. Tokiko funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak. 19. gaia: Azaroaren 24ko 29/1994 Hiri Errentamenduen Legea. Aplikazio esparrua. Etxebizitzen errentamendua eta beste erabilera batzuetarako errentamenduak: arau orokorrak, kontratuaren iraupena, errenta, aldeen eskubide eta betebeharrak, eta kontratua etetea, suntsiaraztea eta amaitzea. Xedapen Iragankorrak. 20. gaia: Jabetza Horizontalari buruzko 49/1960 Legea. Eraketa erregimena. Akordioak hartzeko erregimena. Akordioen aurka egitea. Ekintza judizialak. 21. gaia: Langileen Estatutua eta Oinarrizko Legedi Soziala. 22. gaia: Aukera berdintasunari, familiako bizitza uztartzeari eta menpekotasunari buruzko legedia. 23. gaia: Lurzoru eta etxebizitza arloko Estatuko eta Erkidegoko legedia. Babes ofizialeko etxebizitzen legediari buruzko erreferentzia berezia. 24. gaia: Bilboko Udalaren oinarrizko araudia. Ordenantzak eta Araudiak. Bilboko Udaleko eskumenen oinarrizko organigrama. II. ATALA: ANTOLAKETA-KALITATEA. 25. gaia: Antolaketaren abiaburu orokorrak. Horien formulazioa eta mugak. Antolaketaren eginkizuna: definizio teorikoa eta eginkizunak. Egitura eta prozedurak. 26. gaia: Antolaketa-egituren oinarrizko osagaiak. Administrazioko antolaketa-egituren ohiko disfuntzioak. Eredu alternatiboak. 27. gaia: Enpresako zuzendaritza. Zuzendaritza eta gidaritza. Zuzendaritzaren eginkizunak. Zuzendaritzaren trebetasunak. Enpresako agintaritza. Agintaritza eskuordetzea. Enpresaren boterea. 28. gaia: Enpresako lan-taldeak: trebakuntza. Eginkizunak. Eraginkortasuna. Abantailak eta eragozpenak. Lan-taldean parte hartzea. 29. gaia: Erabakiak hartzea. Faseak. Arazo-moten araberako erabakiak. Erabakietan esku-hartzen duten faktoreak. Talde-erabakiak. Zentralizazioa eta deszentralizazioa. 30. gaia: Agintaritza eskuordetzea: definizioa, edukia, ezaugarriak eta eskuordetze motak. Eskuordetze eraginkorrerako baldintzak. 31. gaia: Langileen motibazioaren edukia. Lan motibazioa. Langileen motibazioari buruzko bi ildo teoriko nagusiak. Motibazioa eta beharrizanen hierarkizazioa. Ikasitako beharrizanak. Lan baldintzak eta lan motibazioa. 32. gaia: Langileen motibazioaren edukia. Motibazio instrumentala. Balioaren, aukeren eta lanaren emaitzaren araberako motibazioa. Helburu profesionalen indar eragilea. Motibazioa, lan arloko konparazioen emaitza gisa. Lan motibazioko teknikak. 33. gaia: Enpresaren erabakiak hobetzeko teknikak. Arriskuen ebaluazioa zenbakitan. Erabakien zuhaitza. DAFO metodoa. Taldean erabakiak hartzea hobetzeko teknikak. Delphi teknika. Sormenaren sustapenerako teknikak. 34. gaia: Lan bilerak. Kontzeptua eta eginkizuna. Lan bilera baten faseak. Motak. Profesionalen arteko eztabaida. Bilera batean parte hartzen dutenen tipologia eta tratamendu berezitua. 35. gaia: Lanpostuen azterketa. Helburuak. Eginkizuna, antolaketaren ikuspegitik eta langilearen ekarpenaren ikuspegitik. Jarduera eta atazen azterketa. Ezaugarriak. Terminologia. Eginkizun ezberdinak zenbatzea. Galdera-sortak eta informazioaren tratamendua. 36. gaia: Prestakuntza plana: justifikazioa. Kontzeptua. Eskaintzako trebakuntza. Eskariko trebakuntza. Bien arteko konparazioa. Trebakuntza plan bati heldu baino lehen kontuan hartu beharreko faktoreak. Helburu nagusiak. 37. gaia: Trebakuntza plana ezartzeko metodologia. Faseak. Ezartzeko arazoak eta konponbideak. 38. gaia: Trebakuntzaren etorkizuna: teknologien erabilera intentsiboa. Teknologia eta trebakuntza politika handietan. Trebakuntzako sistema berriak. Aplikazio teknologikoak. 39. gaia: Parte-hartze kolektiboa enpresan. Lan-ordezkaritzako organoak. Enpresa batzordea eta langileen ordezkariak. Sindikatuen ordezkaritza. Ordezkarien bermeak. Langileen batzarra. 40. gaia: Negoziazio kolektiboa: oinarrizko kontzeptuak. Negoziazio kolektiboaren prozedura. Negoziazio kolektiboaren faseak. 41. gaia: Pertsonaren eta lanpostuaren arteko egokitzea. Metodologia. Hori giza baliabideen plangintzan erabiltzeak dakartzan abantailak. Giza baliabideen inbentarioa. Informatikaren ustiapena. Tratamendu berezituko taldeak. 42. gaia: Langilearen garapen ahalmena. Irizpide nagusiak. Ahalmena identifikatzeko plana eta metodoak. Assessment center. 43. gaia: Bulegoetako guneen banaketa fisikoa. 44. gaia: Artxiboa. Definizioak. Funtzioak. Tipologia. Etapak. Oinarri teorikoak. Artxiboen tratamendua. 45. gaia: Dokumentuak kudeatzeko sistemak. Definizioa. Dokumentuak kudeatzeko sistemak, ohiko kudeaketa-sistemen aldean. Dokumentuak kudeatzeko sistemen kontzeptuak eta oinarrizko funtzioak. 46. gaia: Bikaintasunaren Europar Eredua. Bikaintasunaren oinarrizko printzipioak. Irizpide eragileak. Emaitza irizpideak. Adierazleen identifikazioa. Emaitzen kudeaketa. 47. gaia: Bikaintasunaren Europar Eredua: Autoebaluazioari buruzko oinarrizko kontzeptuak; ikuspegi desberdinak. RADAR matrizea eta horren erabilera. Hobekuntza plana eta autoebaluazioaren emaitzak kudeaketa planean sartzea. 48. gaia: Barne komunikazioa: definizioa eta motak. Komunikazioaren oinarrizko arauak. Barne komunikazioaren kudeaketa. Komunikatzeko oztopoak. Komunikazio sareak. Egoeraren azterketa: komunikazioaren diagnostikoa. Barne komunikazioa hobetzeko plana. 49. gaia: Lanaren neurketa. Lanaren laginketa. Lanpostuko denboren azterketa. Lanaren antolaketa. 50. gaia: Kalitatea kudeatzeko sistemak, ISO 9001:2000 arauaren arabera. UNE-EN ISO 9001:2000 arauaren betekizunak. Prozesuen definizioa. Adierazleak eta helburuak. Kalitate sistema baten dokumentazioa. Etengabeko hobekuntza. Kalitate sistemen ezarpena eta egiaztapena. 51. gaia: Prozesuen kudeaketa. Prozesuen mapa. Prozesuen deskribapena. Prozesuen jarraipena, neurketa eta hobekuntza. EFQM ereduaren irizpideekiko harremana. Helburuak lortzeko prozesuetan oinarritutako kudeaketa. Prozesuetan oinarritutako ikuspegia duten sistemen euskarri dokumentala. 52. gaia: Proiektuen kudeaketa. Plangintza eta kontrola. Proiektuaren faseak. Helburuak. Bizitza zikloa. Jardueren identifikazioa. Baliabideak. Epeak eta kostuak. Proiektuak kontrolatzeko tresnak. 53. gaia: Lanpostuen balorazioa: erabilgarritasuna, inplikazioak eta baloraziorako sistema orokorrak. 54. gaia: Bezeroaren asebetetzea. Bezeroaren asebetetzea neurtzeko metodoak. Ohiko adierazleak. Emaitzen ustiapena. 55. gaia: Pertsonen asebetetzea. Pertsonen asebetetzean eragiten duten dimentsio nagusiak. Lan giroaren inguruko azterketak egiteko galdera-sortak. Lan giroaren gaineko azterketa bat ezartzeko metodologia. 56. gaia: Pertsonen parte-hartzea. Kontzeptua. Ebaluazio metodo bat eta garapen estrategiak proposatzeko arrazoiak. Zero maila. Estrategien garapena, identifikatutako dimentsio garrantzitsuenen arabera. Autoebaluaziorako galdera-sortak. Garapenerako jardun egokiak. 57. gaia: Pertsonen parte-hartzerako baliabideak. Hobekuntza ekipoak eta arazoak konpontzeko metodologia. 5S programak. Hobekuntza proposamenetarako sistemak. 58. gaia: Gidaritza. Definizioa eta eredu teorikoak. Gidaritza estiloak. Gidaritza, nortasunaren ezaugarri gisa. Gidaritza, jokabide gisa. Gidaritza ikuspegi humanistatik eta egoerazko ikuspegitik. Gidaritzaren egoera eta estiloa bat etortzea. Gidaritzaren zeregina eta estiloa bat etortzea. 59. gaia: Egoerazko gidaritza enpresan. Zuzendaritza harremanaren aldagaiak. Zuzendaritzako kideen jokabidea. Heldutasun profesionalaren kontzeptua. Heldutasun profesionalaren mailak. Enpresako zuzendaritzaren egoerazko kontzeptua. Egoerazko zuzendaritza estiloak. Gidaritzako estiloa definitzeko metodoa. 60. gaia: Berrikuntza. Berrikuntza, kudeaketa irizpideen aldaketa gisa. Prozesuak, berrikuntza osagai gisa. Berrikuntza, antolatzeko gaitasun gisa. Antolaketaren ikuspegi globala. 61. gaia: Laneko segurtasuna eta higienea. Lan eta osasun baldintzak. Laneko arriskuen prebentzioa. Arrisku psikosozialak. 62. gaia: Plangintza estrategikoa versus plangintza operatiboa: plangintza estrategikoaren prozesua. 63. gaia: Zerbitzu kartak. Oinarrizko adierazleak eta konpromisoak. 64. gaia: Antolaketa egitura. Organigrama motak. 65. gaia: Erakunde bateko antolaketaren diseinua. Azterketa berezia Herri Administrazioan. III. ATALA: HERRI ADMINISTRAZIOA. 66. gaia: Giza baliabideen plangintza estrategikoa: Giza baliabideen kudeaketa estrategikoa. Giza baliabideen plangintza estrategikoa. Giza baliabideen plangintza estrategikorako ereduak. 67. gaia: Giza baliabideen plangintza esparru publikoan. Plangintzako tresna legalak. Giza baliabideen plangintza Administrazioaren marko konstituzionalean. 68. gaia: Enplegu planak: ordenamendu juridikoa. Antolaketa egituren aldaketa eta lanpostuak. Efektiboen berresleipena eta mugikortasuna. Enplegu plan batek ukitutako langileen egoera. 69. gaia: Eginkizunen eskuliburua prestatzea: Kontzeptua. Edukia. Erabilgarritasuna giza baliabideen zuzendaritzan. 70. gaia: Lanpostuen balorazioa eta giza baliabideen kudeaketa: lanpostuen balorazioaren xedea. Lanpostuen balorazioa funtzio publikoari buruzko legerian. Balorazioa egiteko metodoak. 71. gaia: Sektore publikoaren zerbitzuan diharduten langile motak. Motak. Eskalak eta azpi-eskalak. Betekizunak. Hautatzeko prozesua. Lan itunpeko egoera galtzea. 72. gaia: Administrazio publikoan lanpostuak hornitzeko moduak. Hornikuntza fase desberdinen deskripzioa eta ezaugarriak. 73. gaia: Administrazio publikoko langileen administrazio egoerak. 74. gaia: Lanpostuen zerrendak Administrazio publikoetan. Oinarrizko araudia. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoko lanpostuen zerrenda. 75. gaia: Lanpostuen zerrenden aplikazioa langileen kudeaketan. Lanpostuen zerrendak, mikroantolaketaren adierazgarri gisa. Lanpostuen zerrendak, informazio tresna gisa. Lanpostuen zerrendak, kudeaketa dokumentu gisa. 76. gaia: Ordainsari-egituraren azterketa: indarreko legeria. Soldata eta soldataz kanpoko kontzeptu desberdinen aplikazioaren azterketa. Soldaten inguruko politikaren helburuak. 77. gaia: Administrazio publikoan produktibitate sistema bat ezartzeko metodologia: Kontzeptua eta lege alderdiak. Bete beharreko baldintzak. Sistemaren proposamena eta garapena. Organoak. Kontroleko mekanismoak. 78. gaia: Ebaluazio sistema formal batek arrakasta izan dezan behar diren antolaketa baldintzak. Ebaluazioa egin aurreko baldintzak. Ebaluazioa egin bitarteko eta egin osteko baldintzak. Ebaluazioaren helburuak. Balizko xedeak. 79. gaia: Administrazio publikoko langileen trebakuntza: funtzio publikoan indarrean dagoen eredu legala. 80. gaia: Administrazio publikoan dagoen antolaketa kultura: antolaketa kultura deritzon kontzeptua. Ezaugarriak eta osagaiak. 81. gaia: Administrazio eginkizunak eta prozedurak: erakunde publikoen oinarrizko eginkizunak. Administrazio prozesuak. Administrazio prozesuen azterketa eta arrazionalizazioa. 82. gaia: Administrazio publikoko langileen antolaketa: langile publikoen egituraren ezaugarri orokorrak. Langileei buruzko politika, kudeaketa administrazioa. Giza baliabideen kudeaketako faktore kritikoak eta adierazleak. 83. gaia: Erakunde publikoetako kontrol eta informazio sistemak.: kontrolaren dimentsioak. Kudeaketaren kontrola. Antolaketa dimentsioen gaineko kontrola. 84. gaia: Antolaketa hobetzeko estrategiak. Aldaketaren eragileak. Administrazio modernizatzeko prozesuak. 85. gaia: Erakunde publikoetako antolaketa aldatzea. Antolaketaren aldaketa interpretatzeko ereduak. 86. gaia: Langileen aukeraketa: kanpoko aukeraketa. Administrazio publikoan indarrean dagoen eredua. 87. gaia: Erabateko kalitatea toki administrazioan: Administrazio publikoa eta kalitatea; legitimazioa, bultzagarri. Gobernuak, legitimitatea eta kalitatea. Esparru publikoko ebaluazioaren ezaugarri bereziak. Lanpostu-betetzearen adierazleak sektore publikoan. 88. gaia: Antolaketa giroa Administrazio publikoan. Kontzeptu eremua eta eremu teorikoa. Erakunde batean eredu bat aplikatzea. 89. gaia: Administrazio publikoa zuzentzeko estiloak. Egoerazko gidaritza eredua Administrazio publikoan. Kudeatzeko trebetasunak. Bikaintasuna Administrazioan. 90. gaia: Informazioaren eta komunikazioaren teknologien zeregina Administrazioaren eraberrikuntzan: norbanakoen partaidetza, bulego birtuala, identifikazio elektronikoa eta sinadura digitala. Hirugarren batzuen partaidetza jakinarazpen telematikoetan. Jakinarazpen telematikoak. 91. gaia: Informazioaren sistema eta teknologien aplikazioa giza baliabideen zuzendaritzan. Informazioaren sistemak pertsonen gaineko zuzendaritza eredu berrian. Taldean lan egiteko teknologiak. |
Oharrak
-
1
2025/04/16
IRAGARKIA BAO INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO TEKNIKARIA -
2
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 17-18 GAIEN GALDERA SORTA -
3
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 1-16 GAIEN GALDERA SORTA -
4
2025/03/19
GAITEGIAREN GAI KOMUNEN GALDERA SORTAREN AURKIBIDEA -
5
2025/02/18
IRAGARKIA BAO INFORMATIKA-TEKNIKARIA