LEP: Lan Eskaintza Publikoa

Deialdiko oinarri espezifikoak Atezaina

imprimir  B.A.O.rako sarbidea

OINARRIAK.
Lehenengoa.-Deialdiaren helburua.
Deialdi honek «Bilboko Udal Etxebizitzak» toki-erakunde autonomiaduneko lanpostuen zerrendan hutsik agertzen den atezain lanpostua langile-taldeko lan-kontratudun langile finko moduan betetzea dauka helburu. Izan ere, halaxe adierazten da oinarri hauetara ondorio guztietarako atxikitako eranskinean. Hautaketa-prozedura edo lanpostua eskuratzeko sistemak eranskin horretan zehaztutakoak izango dira.
Atezain lanpostua Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko Zuzendaritza Kontseiluak onartu zuen 2006ko urriaren 3an egindako bileran, eta 2006ko urriaren 31n argitaratu zen EHAAn.
Epaimahaiak ezin izango du adierazi deialdiaren helburu diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditu dutela hautaketa-prozesua. Beraz, muga hori gainditzen duen edozein proposamen baliorik gabe geratuko da eskubide osoz.
Bigarrena.-Izangaiek bete behar dituzten baldintzak edo eskakizunak.
Hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da honako baldintza hauek betetzea:
1. Espainiako edo Europar Batasuneko edozein estatu kidetako nazionalitatea edukitzea edo, Europar Batasunak sinatutako eta estatu espainolak berretsitako nazioarteko itunen ezarpenaren arabera, langileen joan-etorri askea ezarri duen estaturen bateko nazionala izatea.
Era berean, Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere zuzenbidez banatuta ez badaude. Horrez gain, euren ondorengoek eta euren ezkontideen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere bi ezkontideak zuzenbidez banatuta ez badaude, ondorengo horiek 21 urtetik beherakoak badira edo, nagusiagoak izanda, euren lepotik bizi badira.
Bestetik, aurreko paragrafoetan azaltzen ez diren atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere estatu espainolean bizi badira. Hautatuak izanez gero, kontratuaren helburu den jarduera egiteko administrazio-baimena eduki beharko dute kontratua sinatu aurretik.
2. Hamasei (16) urte beteta edukitzea eta nahitaez erretiratzeko adina ez edukitzea.
3. Administrazioko organo eskudunaren bitartez, %33ko elbarritasun-maila edo hortik gorakoa aitortuta edukitzea, beti ere atxikitako eranskinaren arabera lanpostuari dagozkion eginkizunak behar den moduan betetzeko gai bada. Nolanahi ere, Elbarriak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak xedatutakoa hartuko da kontuan.
4. Diziplina-espedientearen bidez inongo administrazio publikotik aldenduta ez egotea, funtzio publikoak garatzeko ezgaituta ez egotea eta diziplina-espedientearen bidez inongo elkargo profesionaletik aldenduta ez egotea.
5. Oinarri hauetako eranskinean adierazitakoaren arabera, lanpostua betetzeko eskatutako titulazio berezia edukitzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 43. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta. Bestela, titulazioa jasotzeko eskubideak ordaindu izana.
6. Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko indarreko arautegian aurreikusitakoaren arabera, legezko ezintasun edo bateraezintasun auzipean ez egotea.
7. Lanpostua betetzeko asmoz, oinarri hauetako eranskinean berariaz zehaztutako beste eskakizunak.
Aurrean adierazitako eskakizun guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira, eta, 2. paragrafoko edukia izan ezik, hautatzeko prozeduran ere eduki beharko dira, harik eta kontratatuak izan arte, beti ere eranskinean besterik xedatzen ez bada.
Hirugarrena.-Eskabide-orriak.
Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak eredu ofizialaren araberakoak izango dira, eta eredu hori erakundeko bulegoetan egongo da eskuragarri (Kristo kalea 1, 4. solairua - Bilbo). Eskabidean bertan, deialdiko oinarrietan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.
Horretarako, elbarriek denborari eta baliabideei begira hautaketa-probak egiteko behar dituzten egokitzapenak zeintzuk diren adierazi beharko dute zehatz-mehatz, parte hartzeko eskabidea egiten dutenean.
Eskabideak Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko presidente andrearen izenean joango dira, eta bulegoko ordutegiaren barruan aurkeztuko dira 20 egun naturaleko epean, deialdiaren iragarkia «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutako edozein prozeduraren bitartez aurkeztu ahal izango dira eskabideak (1992ko azaroaren 27ko BOEn argitaratu zen legea).
Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera: NANaren fotokopia, eskatutako tituluaren fotokopia, alegatutako merituak zehazteko adierazpena eta merituon behar besteko egiaztagirien fotokopia konpultsatua.
Ezin izango dira balioetsi eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatutakoak eta egiaztatutakoak ez beste meritu batzuk, ezta epe horren barruan alegatu arren ondoren egiaztatu direnak ere. Eskabidean akatsik egonez gero, interesdunak hamar (10) eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Horrez gain, hori egiten ez badu, bere eskabidea izapiderik gabe artxibatuko dela jakinaraziko zaio.
Laugarrena.-Izangaien onarpena.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Toki Erakunde Autonomiaduneko Presidentetzak hilabeteko gehienezko epean emandako ebazpenaren bidez onetsiko da onartutako eta gaitzetsitako izangaien behin-behineko zerrenda. Zerrenda hori, Kalifikazio Epaimahaia osatzen duten kideen zerrendarekin batera, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta deia egiten duen erakundeko iragarki-taulan jarriko da ikusgai. Gainera, iragarkia aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita, 10 laneguneko epea emango da, erreklamazioak aurkezteko edo gaitzespena eragin duten akatsak edo hutsegiteak zuzentzeko. Horretarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 76. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.
Ebazpen horren aurka, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, onartutakoen eta gaitzetsitakoen zerrenda Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hileko epean. Nolanahi ere, egokia den beste edozein helegite ere aurkeztu ahal izango da.
Bosgarrena.-Kalifikazio Epaimahaiaren osaketa, izendapena eta jarduketa.
Kalifikazio Epaimahaia Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 31. eta 32. artikuluen arabera eratuko da, eta honako hauek izango dira epaimahaikideak:
Presidentea:
- Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko zuzendaria. Bere ordezkoa zuzendariorde teknikoa izango da.
Kideak:
- Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko Giza Baliabideen Saileko arduraduna.
- HAEEko ordezkari bat.
- Ordezkaritza sindikalak izendatutako ordezkari bat.
Idazkaria.
- Udal Etxebizitzak TEAko idazkaria.
Autonomia-erkidegoak kalifikazio-epaimahaietan eduki behar duen ordezkaritzari kalterik egin gabe, erkidego horretako ordezkari batek epaimahaiotan parte hartuko du, euskararen ezagutza egiaztatzeko antolatutako probetan.
Bestetik, epaimahaiko kide titularrak ez ezik, euren ordezkoak ere izendatu beharko dira aldi berean.
Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta Presidentetzari jakinarazi beharko diote, eta, horrez gain, izangaiek errekusatu egin ahal izango dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko indarreko Legeko 28. eta 29. artikuluetan zehaztutakoa kontuan hartuta.
Epaimahaia eskubidez osatzen duten kideen kopurua ez da bostetik beherakoa izan behar. Hain zuzen ere, ezin izango da eratu eta ezin izango du ezer egin, gutxienez epaimahaikide titularren edo ordezkoen erdiak bertaratu ez badira. Kopuru hori, gainera, ez da inoiz hirutik beherakoa izango. Dena dela, presidentea eta idazkaria edo arauen arabera eskuordetu dituzten ordezkoak bertaratu beharko dira.
Epaimahaiko kide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkariak izan ezik, botorik edukiko ez duelako.
Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, presidente dagoen pertsonaren botoaren bitartez ebatziko dira.
Hala ere, epaimahaiek aholkulari adituak eduki ahal izango dituzte aztergai diren arloetan. Aholkulari horiek euren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta, hitza izango duten arren, ez dute botorik edukiko.
Kalifikazio Epaimahaiak eskumena izango du, sortzen diren zalantza guztiak argitzeko eta hautaketa-prozeduraren garapen egokirako beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian.
Epaimahaiko kideek bileretara joateagatiko dietak jasoko dituzte, legearen arabera zehaztutako zenbatekoak eta formalitateak kontuan hartuta.
Seigarrena.-Hautaketa-prozedura.
1. Izangaiak hautatzeko prozedura deialdi honetako oinarrietako eranskinean zehaztutakoa izango da.
2. Oposizio-fasean, derrigorrezkoak eta kanporatzaileak diren lau ariketa egin beharko dira. Oinarri hauetako eranskinean zehazten da zeintzuk diren. Oposizio-faseko ariketa bakoitzean lortu daitekeen puntuazioa oinarri hauetako eranskinean zehaztutakoa izango da.
3. Lehiaketa-fasean, izangaiek alegatutako eta egiaztatutako merituak aztertu eta balioetsi egingo dira. Horretarako, oinarri hauetako eranskineko baremoen arabera dagozkien puntuak hartuko dira kontuan. Izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitu arte alegatutako eta egiztatutako merituak baino ez dira baioetsiko.
Lehiaketa-fasea ez da kanporatzailea izango, eta bertan lortutako puntuazioa ezin izango da erabili oposizio-faseko probak gainditu ahal izateko. Lehiaketa fasea oposizio-fasea gainditu duten izangaiei baino ez zaie balioetsiko.
4. Ariketa bakoitzeko puntuazioak kasuan kasuko iragarkiaren bidez jarriko dira ikusgai deia egiten duen erakundeko iragarki-taulan.
Zazpigarrena.-Hautaketa-prozesuaren hasiera.
«Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» eta erakundeko iragarki-taulan, oposizio-faseko lehen ariketa zer leku, egun eta ordutan egingo den argitaratuko da, hautaketa-prozesuan onartutakoen eta gaitzetsitakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenarekin batera. Oposizioko ariketa bat amaitzen denetik hurrengoa hasten den arte, 72 orduko epea igaro beharko da gutxienez; eta 45 egun naturaleko epea, gehienez ere.
Izangaiei dei bakarra egingo diete oposizioko ariketa bakoitzerako, eta, deia jaso ostean edozein ariketatara aurkezten ez badira, zuzenean galduko dute ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea. Hori dela eta, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.
Epaimahaiak erakundeko iragarki-taulan argitaratuko ditu oposizioko gainerako ariketak egiteko iragarkiak. Iragarki horiek hurrengo ariketa egin baino 24 ordu lehenago argitaratu beharko dira.
Kalifikazio Epaimahaiko kideek une oro eskatu ahal izango diete izangaiei behar den moduan identifikatzeko. Horretarako, NAN edo epaimahaiaren ustez izangaia nor den egiaztatzeko nahikoa den beste edozein agiri (pasaportea, gidabaimena.) eraman beharko da oposizioko ariketa bakoitzera.
Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituela badaki, prozesutik kanpo utziko du izangai hori.
Zortzigarrena.-Hautaketa-proben kalifikazioa.
Lehiaketa-faseko merituak balioesteko orduan, oinarri hauetako eranskinean zehaztutako baremoen arabera emandako puntuak batuko dira.
Oposizio-faseko ariketak oinarri hauetako eranskinean zehaztutakoaren arabera kalifikatuko dira.
Oposizioko ariketa bakoitzean zer kalifikazio lortu den jakiteko, epaimahaikideek emandako puntu guztiak batuko dira, eta guztizkoaren zatiketa egingo da epaimahaikideen kopurua kontuan hartuta. Zatiketa horren kozientea, beraz, behin betiko kalifikazioa izango da.
Hautaketa-prozedurako azken kalifikazioa zein den jakiteko, oposizioko eta lehiaketako faseetan lortutako puntu guztiak batu beharko dira.
Berdinketarik egonez gero, honelaxe ezarriko da ordena: lehenengo eta behin, oposizio-fasean puntu gehien lortu duen izangaiaren alde; bigarrenez, toki-administrazioan zerbitzu gehien eman dituenaren alde; hirugarrenez, foru-administrazioan zerbitzu gehien eman dituenaren alde; laugarrenez, Euskadiko administrazio autonomoan zerbitzu gehien eman dituenaren alde; eta azkenik, bosgarrenez, estatuko administrazioan zerbitzu gehien eman dituenaren alde.
Bederatzigarrena.-Onartutakoen zerrenda.
1. Oposizio-faseko ariketa guztiak zuzendu ondoren, epaimahaiak emaitzak argitaratuko ditu iragarki-taulan.
2. Hautaketa-prozesuko proben eta/edo merituen kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak gainditutakoen zerrenda argitaratuko du puntuazio-hurrenkeraren arabera, eta euren kopurua ez da izango deialdiaren helburu diren lanpostuena baino handiagoa. Zerrenda hori presidenteari bidaliko dio, praktikaldiko kontratazio-proposamena egin dezan, harik eta eranskinean adierazten den bezala epealdi hori igaro arte. Aldi berean, azken bilerako akta bidaliko du, eta, bertan, puntuazio-hurrenkeraren arabera agertu beharko dira hautaketa-proba guztiak gainditu eta deitutako lanpostuen kopurua gainditu duten izangai guztiak. Horiek horrela, lanpostua lortu duen izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez denean bakarrik erabiliko da zerrenda hori. Beraz, ez du beste ezertarako eskubiderik emango.
Hamargarrena.-Agirien aurkezpena.
Gainditutakoen zerrenda argitaratzen denetik hasi eta 20 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Langileria Sailean aurkeztu beharko ditu deialdiko oinarrietan eta eranskinean zehaztutako hautaketa-prozesuan parte hartzeko baldintzen egiaztagiri guztiak. Honako hauexek, hain zuzen ere:
1. Kasuan kasuko Erregistro Zibilak egindako jaiotza-ziurtagiria.
2. Diziplina-espedientearen bidez izangaia administrazio publikoko zerbitzutik aldendu ez dutela eta bete beharreko lanpostuari dagokion legezko ezintasun edo bateraezintasun auzipean ez dagoela azaltzeko adierazpena.
3. Udal Zerbitzu Medikoen osasun-ziurtagiria, izangaiak bere eginkizunak behar den moduan betetzeko gaixotasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez daukala egiaztatzeko, udalbatzak 1987ko irailaren 24an hartutako erabakiaren bidez onartutako Bazterketen Baremoan xedatutakoa kontuan hartuta. Horretarako, izangaiek osasun-azterketa egin beharko dute, behar den moduan betetzen dutela egiaztatzeko. Era berean, hautaketa-prozeduran zehar, nahi beste proba mediko egin ahal izango dira, izangaiak bazterketa medikoen taulara egokitzen diren ala ez jakiteko. Osasun-ziurtagiria inpugnatuz gero, izangaiak onartu egingo du ziurtagiria egiteko oinarritzat hartutako txosten medikoak erreklamazioa aztertuko duten organoetara bidaltzea, beti ere haren ohorearen kalterakoak ez badira. Izangai elbarriek lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitasun-ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute, eta ziurtagiri hori agintaritza eskudunak egin beharko die.
4. Titulua, tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela adierazten duen egiaztagiria, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 9ko 6/1989 Legeko 43. artikuluan eskatutakoa kontuan hartuta. Gainera, halaxe zehazten da deialdiaren helburu den lanposturako, oinarri hauetako eranskinean.
5. Oinarri hauetan eta eranskinean eskatutako gainerako baldintza berezien egiaztagiriak. Funtzionario publikoek ez dituzte agiri bidez egiaztatu beharko aurreko izendapena lortzeko egiaztatutako baldintzak eta eskakizunak. Halakoetan, beraz, euren ministerioko, toki-korporazioko edo erakunde publikoko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, euren izaera eta zerbitzu-orriko inguruabarrak egiaztatu ahal izateko.
Zehaztutako epearen barruan, ezinbestean izan ezik, proposatutako izangaiak agiriak aurkezten ez baditu edo eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, ezin izango dute izendatu eta bere jarduketa guztiak ezeztatu egingo dira. Nolanahi ere, eskabidean faltsutzeagatiko erantzukizunari aurre egin beharko dio. Halakoetan, erakundeko presidenteak ondoren puntu gehien lortu dituen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena egingo du.
Hamaikagarrena.-Lan-kontratuaren sinadura.
TEA honetako presidenteak proposamena onartutakoan eta praktikaldia gainditutakoan, izendatutako izangaia lanpostuaz jabetu beharko da izendapena jakinarazten diotenetik hasi eta 30 eguneko epean. Justifikatutako inolako arrazoi barik zehaztutako epean lanpostuaz jabetzen ez bada, lanpostutik kanpo geratuko da, karguari uko egiten diola hartuko da kontuan eta eskubide guztiak galduko ditu. Edonola ere, TEAko presidenteak zuhurtziaz eta behar bezala arrazoituta luzatu ahal izango du lanpostuaz jabetzeko epea. Dena dela, epe hori ez da aurrean zehaztutakoaren erdia baino luzeagoa izango.
Hamabigarrena.-Hautaketa-probetarako eskakizun bereziak.
Deialdi honen helburu den lanpostua eskuratzeko eskatutako titulazioa, hautaketa-sistema, programak eta eskakizun bereziak berariaz zehaztuta daude oinarri hauetako eranskinean eta bere osagai dira.
Hamahirugarrena.-Azken arauak.
Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, honako hauetan xedatutakoa hartuko da kontuan: Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legea; Estatuko Administrazioaren Zerbitzura dauden Langileen Sarrerari buruzko Araudi Orokorra, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuaren bitartez onartutakoa; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua; ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 86/1997 Dekretua; eta horietan guztietan ondoren egon ahal izan diren aldaketak. Interesdunek deialdiaren, bere oinarrien eta kalifikazio-epaimahaien jarduketaren ondorioz sortutako administrazio-egintzen aurka egin ahal izango dute, Administrazio Prozedurari buruzko indarreko Legean zehaztutako kasuetan eta moduan.
ERANSKINA.
Lehenengoa.-Deialdiaren helburu den lanpostua.
Sarbide askerako sistemaren bidez hautatzeko prozesurako deia egiten da, eta, bertan, oposizio-lehiaketa eta praktikaldia garatuko dira. Deialdiaren helburua Zuzendaritza Saileko atezain lanpostua betetzea da. Lanpostu hori 5. (E) taldekoa eta 11. mailakoa da, eta derrigorrezko 2. hizkuntza-eskakizuna dagokio. Lanpostu hau %33ko elbarritasun-maila edo hortik gorakoa daukatenentzako lanpostuen erreserba-kupoan dago. Dena dela, izangaiek hautaketa-probak gainditu beharko dituzte, adierazitako elbarritasun-maila dutela egiaztatu beharko dute bere garaian eta lanpostuko zereginak zein eginkizunak behar den moduan betetzeko bateraezintasunik ez dutela ziurtatu beharko dute, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/89 Legeko 7. xedapen gehigarrian xedatutakoa kontuan hartuta.
Honako hauexek izango dira bere eginkizunak:
- Komunikazio-egintzak egitea erakunde publiko eta pribatuekin, espedienteak eta beharrezko agiri guztiak bidaltzea eta gure errentariei jakinarazpenak banatzea Udal Etxebizitzak TEAko parke osoan.
- Bisitak mahaian bertan eta telefonoz atenditzea.
- Teknikariei eta administrariei zeregin mekanikoetan laguntzea.
- Atezaintza orokorreko lanpostuari dagozkion beste zeregin batzuk egitea.
Eginkizun arruntak:
- Saila hobetzen laguntzea eta hobekuntza hori lortzeko behar besteko ekintzak eta aldaketak proposatzea.
- Lana antolatzea, zehaztutako helburuak bete ahal izateko.
- Saileko gainerako langileekin batera lan egitea, zer egin ugari dagoenean, norbait ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.
- Lankideei laguntzea eta aholkuak ematea, bere ezagutzen eta/edo esperientziaren arabera menperatzen dituen zereginetan.
- Horrez gain, zerbitzuaren helburuak eta funtzionamendu egokia lortzeko asmoz, agindu dizkioten beste zeregin batzuk egitea, beti ere bere gaitasunekin eta lanpostuko lanbide-kategoriarekin bat badatoz.
Bigarrena.-Eskakizun bereziak
a) Eskola-ziurtagiria edo baliokidea edukitzea edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean lortzekotan egotea.
b) Elbarritasun-maila aurreko puntuaren arabera lanpostuari dagozkion eginkizunen betearazpenarekin bateragarria dela egiaztatzea.
Hirugarrena.-Hautaketa-prozedura.
Izangaiak oposizio-lehiaketa bidezko sarbide askerako sistemaren bitartez hautatuak izango dira. Hori dela eta, derrigorrezkoak eta kanporatzaileak diren lau ariketak osatutako oposizio-fasea eta merituak balioesteko lehiaketa-fasea egingo dira, eta, lehenengo eta behin, oposizio-fasea garatuko da. Horren osagarri, gainera, praktikaldia ere egingo da.
A) Oposizio-fasea:
Oposizioan, derrigorrezkoak eta kanporatzaileak diren lau ariketa egingo dira.
Lehen ariketa: Izangaiek aukerako erantzunak eskaintzen dituen galdetegiari erantzun beharko diote. Galderek oinarri hauetako eranskinean azaldutako gaiekin edukiko dute zerikusia. Erantzunak zuzenak ez badira, puntu negatiboak emango dira. Horrez gain, oinarrizko kalkulurako eragiketa errazak ere egin beharko dituzte (batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak eta zatikiak). Ariketa epaimahaiak prestatuko du, eta berak zehaztutako denboran amaitu beharko da.
Bigarren ariketa: Izangaiek proba psikoteknikoak eta/edo nortasun-probak egin beharko dituzte, euren gaitasunak eta jarrerak lanpostua behar den moduan betetzeko egokiak diren ala ez jakiteko. Epaimahaiak zehaztutako denboran egin beharko da. Dena dela, proba hori behar den moduan egingo da, hautaketa-prozesua objektiboa eta zentzuzkoa dela bermatzeko eta merituaren zein gaitasunaren printzipioetara egokitzen dela ziurtatzeko.
Hirugarren ariketa: Praktikoa izango da. Izangaiek behar besteko probak egin beharko dituzte, ofimatikako oinarrizko makinak erabiltzen dakitela egiaztatzeko: fotokopiagailua, faxa, plastikoa jartzeko makina, koadernatzeko makina eta/edo gillotina. Epaimahaiak proba hasi baino lehentxeago prestatuko ditu, eta berak zehaztutako denboran egin beharko dituzte.
Laugarren ariketa: Izangaiek euskararen ezagutza egiaztatu beharko dute, epaimahaiak adierazten duen moduan. Horretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak adierazitakoa hartuko da kontuan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeko 99.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Derrigorrezko 2. hizkuntza-eskakizuna dutela egiaztatzeko asmoz HAEEk egiten duen ziurtagiria ez badute, izangaiek GAI kalifikazioa lortu beharko dute ariketa honetan.
HAEEk hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko egindako ziurtagiria edo Euskararen Erabileraren Normalkuntzari buruzko apirilaren 15eko 86/97 Dekretuko 41. artikuluan zehaztutako beste titulu baliokideren bat badute, izangaiek ez dute ariketa hau egin beharko.
Lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena derrigorrezkoak eta kanporatzaileak izango dira, eta kalifikazioa 0,00 eta 10,00 puntu artekoa izango da. Beraz, zuzenean geratuko dira kanpoan ariketa bakoitzean gutxienez 5,00eko puntuazioa lortu ez duten izangaiak.
Laugarren ariketa ere derrigorrezkoa izango da, eta bertako kalifikazioa GAI edo EZ GAI izango da. Beraz, 2. hizkuntza-eskakizunari dagokion kalifikazioa GAI izan beharko da ariketa gainditu ahal izateko.
B) Lehiaketa-fasea:
Eskabideak aurkezteko epean izangaiek alegatutako eta behar den moduan egiaztatutako merituak aztertu eta balioetsi egingo dira, hurrengo oinarrien arabera. Gainera, ezin izango dira beste meritu desberdin batzuk balioetsi. Deialdia BOEn argitaratzen den egunera arte lortutako merituak baino ez dira balioetsiko, herri-administrazioetan lanpostuko eginkizunak betetzen garatutako zerbitzuei dagokienez:
- 50.000 biztanletik gorako toki-korporazioetan, estatuko administrazioan, foru-administrazioan edo autonomikoan, puntu 1,00 zerbitzu-urte bakoitzeko edo sei hiletik gorako frakzio bakoitzeko.
- 50.000 biztanletik beherako toki-korporazioetan, 0,50 puntu zerbitzu-urte bakoitzeko edo sei hiletik gorako frakzio bakoitzeko.
Gehienez ere, 8 puntu lortu ahal izango dira lehiaketa-fasean.
Oposizioko ariketak amaitutakoan eta lehiaketaren helburu diren merituak balioetsitakoan, epaimahaiak deialdiaren helburu den lanposturako sailkapen-hurrenkera ezarriko du lortutako puntuazioaren arabera.
Praktikaldia.
Hautaketa-prozedurako beste fase bat izango balitz bezala, sailak zehaztutako praktikaldia egin beharko du oposizio-lehiaketa fasean puntu gehien erdietsi dituen izangaiak. Praktikaldiak sei hileko iraupena izango du, eta bere garaian iragarriko da noiz egin beharko den.
Izendatutako izangaia praktiketako lan-kontratudun langilea izango da, eta indarreko Enpresa Hitzarmenaren arabera zehaztutako ordainsariak jasotzeko eskubidea izango du. Hain zuzen ere, alta emango zaio Gizarte Segurantzaren araubidean.
Izangaia egoera horretan egongo da, izendapen-txostenean adierazten den egunetik lanpostua jabetzan hartzen duen arte edo aurreko faseren batean deskalifikatuta geratu arte.
Ebaluazio-prozedurak jarraipena izango du praktikaldian zehar, eta kalifikazioa gai edo ez gai izango da. Beraz, izangaiak gai lortu beharko du, hautaketa-prozedurako fase hau gainditu ahal izateko.
Praktikaldia amaitutakoan, Saileko Zuzendaritzak izangai bakoitzaren gaitasunari eta baldintzei buruzko txostena bidaliko dio hautaketa-prozesuko Kalifikazio Epaimahaiari, eta, txostena aztertutakoan, praktikaldia gaindituta dagoen ala ez erabakiko du. Ondoren, praktikaldia gainditu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena bidaliko dio TEAko Zuzendaritza Kontseiluari.
Praktikaldiko edozein unetan, izangaiaren izendapena ezeztatu ahal izango da, beti ere behar besteko baldintzak betetzen ez baditu edo aprobetxamendua behar bezalakoa ez bada. Halakoetan, Saileko Zuzendaritzak proposamena bidaliko dio kalifikazio-epaimahaiari, eta, proposamena aztertutakoan, izendapena ezeztatu behar den ala ez erabakiko du. Ostean, aldeko edo kontrako proposamena bidaliko dio Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko Zuzendaritza Kontseiluari.
GAIEI BURUZKO ERANSKINA.
- 1. gaia: 1978ko Espainiako Konstituzioa. Printzipio orokorrak.
- 2. gaia: Euskadiko Autonomia Estatutua. Printzipio orokorrak. Euskadiren eskumenak: esklusiboak, legegintza garatzekoak eta betearaztekoak.
- 3. gaia: Udalerria. Biztanle ugaridun udalerrietako udal-antolamendua (Toki Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeko X. titulua). Gutxieneko organoak eta organo osagarriak. Alkatea, udalbatza eta gobernu-batzordea.
- 4. gaia: Udal-eskumenak. Norberaren eskumenak eta eskuordetutako eskumenak. Mugak. Derrigorrezko zerbitzuak.
- 5. gaia: Administrazio-prozeduraren dimentsio tenporala: egun eta ordu baliodunak. Epeen zenbaketa. Agirien jasoketa eta erregistroa.
- 6. gaia: Bilboko Udalaren egitura organikoa: organigrama eta eginkizun nagusiak.
- 7. gaia: Bilboko Udaleko barrutien antolamendua. Gobernu-organoak eta organo osagarriak. Hiritarren partaidetza.
- 8. gaia: Toki-funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak. Bateraezintasunak. Diziplina-araubidea.
- 9. gaia: Euskal Autonomia Erkidegoko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Legea. Bilboko Udaleko Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko II. Udal Plana.
- 10. gaia: Bilboko hiribilduaren historia. Sorrera. XV. eta XVI. mendeak: zazpi kaleen sorrera. Lehenengo zabalgunea. XX. mendea. Gaur egungo hiria.
- 11. gaia: Laneko arriskuen prebentzioa. Era guztietako arriskuei buruzko ideia orokorrak. Arriskuen ebaluazioaren eta larrialdietarako zein ebakuaziorako planen helburuak. Zamen manipulazio egokia.