Deialdiko oinarri espezifikoak Administrari Laguntzaile 2009


OINARRIAK.
Lehenengoa.-Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da Administrazioko Laguntzaile plaza huts bi plantillako lan-kontratudun langile finko gisa betetzea, Sail Soziokomunitarioan eta Plangintza, Kudeaketa eta Administrazio Sailean hutsik dauden plaza berberak betetzeko. Lanpostu horiek Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomiadunaren Lanpostuen Zerrendan jasota daude, eta dagokien eranskinean adierazita daude, izan ere, eranskin hori oinarri hauei erantsi zaie, ondorio guztietarako. Plaza horiek eranskin horretan zehaztutako aukeraketa prozeduraren edo lanpostua eskuratzeko sistemen bidez beteko dira.
Epaimahaiak ezin izango du adierazi hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien kopurua deitutako lanpostuena baino handiagoa dela. Beraz, muga hori hausten duen edozein proposamenek ez du inolako baliorik izango.
Bigarrena.-Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak edo betekizunak.
Hona hemen izangaiek bete behar dituzten betekizunak, hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko:
1. Jarraian adierazten den egoeraren bat ematea:
a) Espainiar nazionalitatea izatea.
b) Europar Batasuneko kide den Estaturen batekoa izatea.
c) Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den Estaturen bateko nazionalitatea duen norbaiten ezkontidea izatea, baldin eta ez badaude zuzenbidez banatuta; gauza bera bere ondorengoekin eta ezkontideenekin, baldin eta ez badaude zuzenbidez banatuta, hogeita bat urte baino gutxiagokoak ez badira edo, adin hori baino nagusiagoak izanda, menpekoak ez badira.
d) Europar Batasunak egindako eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Hitzarmenen aplikazio-esparruaren barruan egotea, langileen zirkulazio librea aplikagarria denean.
2. Adinari dagokionez, 16 urte beteta izatea eta derrigorrezko erretirorako adina ez gainditzea.
3. Esleitutako lanak betetzeko behar den gaitasun funtzionala izatea eta funtzio horren betearazpen normala oztopatuko duen gaixotasunik edo gaitz fisiko edo psikikorik ez izatea. Udal Zerbitzu Medikoek egiaztatuko dute hori, egokitzat jotzen diren azterketak egin ostean.
4. Diziplina-espediente bidez inolako Herri Administrazioren zerbitzuetatik baztertuta ez egotea, ezta ebazpen judizial bidez lan edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia izatea ere, eta funtzio batzuetatik aldendu edo desgaitu egin badute antzeko zereginak betetzeko ere. Beste Estatu bateko nazionala izanez gero, desgaituta edo antzeko egoeran ez egotea, eta bere Estatuan lan publikoa antzeko egoeran lortzea eragotziko liokeen diziplina-zigorrik edo parekorik ez izatea.
5. Plaza betetzeko behar den titulazioaren jabe izatea (oinarri hauei erantsitako eranskinean dago zehaztuta), Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, edo, bestela, titulazio hori lortzeko eskubideak ordainduta izatea.
6. Herri Administrazioaren zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko kausaren batean sartuta ez egotea.
7. Oinarri hauei erantsitako eranskinean bete beharreko plazarako berariaz ezartzen diren beste baldintza guztiak.
Aurreko betekizun guztiak eskariak aurkezteko epea amaitzen denean izan beharko dituzte beteta hautagaiek, eta aukeraketa prozesuan lan kontratua sinatu arte betekizun horiei eutsi beharko diete, dagokion eranskinean bestelakorik adierazi ezean.
Hirugarrena.-Eskabideak.
Aukeraketa prozesuan parte hartzeko eskabideak Erakunde honen bulegoetan emango den eredu ofizialaren arabera aurkeztuko dira. Bulegoak Bilboko Kristo kaleko 1. zenbakiko 4. solairuan daude. Eskabide horietan hautagaiek deialdi honen oinarrietan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute. Eskabideak Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomiaduneko presidente andreari bidaliko zaizkio eta Erakundearen bulegoetan aurkeztuko dira, bulego orduen barruan, deialdiaren iragarkia «Estatuko Aldizkari Ofizialean» agertzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, egutegiko 20 eguneko epean.
Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legean (1992ko azaroaren 27ko «Estatuko Aldizkari Ofizialean») ezarritako prozeduretako edozeinen bidez ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Eskatzaileek, eskabidearekin batera, NANaren fotokopia eta eskatzen den tituluaren fotokopia aurkeztu beharko dute edo hura eskuratzeko ordaindutako eskubideen agiria, bai eta alegatutako merituen zerrenda bat ere, meritu horiek egiaztatzeko behar diren agirien fotokopia konpultsatuekin batera.
Eskabideak aurkezteko epean aurkeztutako eta egiaztatutako merezimenduez gain ezin izango da beste merezimendurik baloratu, ezta, epe horretan aurkeztu arren, epe horren ondoren egiaztatutakoak ere. Eskabideetan akatsik egonez gero, interesdunari hamar (10) eguneko epean akatsa zuzentzeko eskatuko zaio, izan ere, akatsa zuzendu ezean, eskabidea beste tramiterik egin gabe artxibatuko dela ohartaraziko zaio.
Laugarrena.-Hautagaiak onartzea.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Toki Erakunde Autonomiaduneko Presidentziak ebazpena emango du gehienez ere hilabeteko epean, eta ebazpen horren bidez onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda onartuko da. Ebazpen hori eta kalifikazio-epaimahaia osatzen duten kideen zerrenda «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» iragarriko da eta ikusgai jarriko da deialdi hau egiten duen erakundearen bulegoetako iragarki oholean. Era berean, egutegiko 10 eguneko epea izango da, aipaturiko iragarpena Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko, hautagaien zerrendatik baztertzea eragin duten akatsak edo alderauzketak konpontzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaie Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiei bi hilabeteko epean, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Dena dela, bidezkotzat jotako beste edozein errekurtso ere jarri ahal izango da.
Hautagaiak errekurtsoa jarri eta berau probak egin behar diren egunerako ebatzi gabe badago, hautagaiak azterketa egin ahal izango du, baina gero azterketak ez du baliorik izango errekurtsoa ezetsi egiten bada.
Bosgarrena.-Kalifikazio-epaimahaiaren osaketa eta jarduketa.
Kalifikazio-epaimahaia Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 31 eta 32. artikuluekin bat etorriz osatuko da eta honako kideak izango ditu:
- Presidentea: Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren zuzendaria, eta ordezkoa zuzendariorde teknikoa izango da.
- Kideak:
TEAko plantillako lan-kontratudun langile finko bi.
HAEEk proposatuta izendatutako bat.
Sindikatuen ordezkaritzak proposatuta izendatutako bat.
Idazkaria: Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko idazkaria.
Kalifikazio-epaimahaia osatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak izendatutakoez gain, Erakunde berak deialdian eskatzen diren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetan epaimahaia osatuko duten kideak izendatuko ditu.
Era berean, epaimahai horretan, titularrekin batera, dagozkion ordezkoak izendatuko dira.
Epaimahaiko kideek ez dute prozesuan parte hartuko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan aurreikusten den egoeraren bat jazotzen denean.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluarekin bat etorrita, artikulu horretan xedatutako inguruabarretarikoren bat gertatzen denean, hautagaiek epaimahaia osatzen duten kideak errefusatu ahal izango dituzte.
Epaimahaia osatuko duten kideak ez dira legez bost baino gutxiago izango, eta, izan ere, epaimahaia ezingo da eratu eta ezin izango du jardun, epaimahaia osatzen duten kideetarik erdiak, titularrak zein ordezkoak, bertan ez badaude, eta, edozelan ere, gutxienez hiru kide izan beharko dira. Dena dela, presidentea eta idazkaria, edo beraien arauzko ordezkoak, bertan izan beharko dira.
Epaimahaikide guztiek hizpidea eta hautespidea izango dituzte, idazkariak izan ezik, hautespiderik ez baitu izango.
Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira eta berdinketa izango balitz presidente gisa diharduenaren botoak erabakiko luke.
Edozelan ere, epaimahaiek eskatu ahal izango dute aztertuko diren gaietan adituak direnak etortzeko batzarretara, izan ere, aditu horiek, aholkulari gisa, beraien espezialitateko gaietan hizpidea izango dute baina ez dute hautespiderik izango.
Epaimahaiak eskumena izango du sortutako zalantzak argitzeko eta hautaketa-prozesua behar den moduan garatzeko beharrezkoak diren erabaki guztiak hartzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian.
Epaimahaiko kideek, hala badagokio, epaimahaiaren batzarretara etortzeagatik dagozkien dietak jasoko dituzte, legez ezarritako kopuru eta formaltasunekin.
Seigarrena.-Hautaketa prozesua.
1. Hautagaiak aukeratzeko prozedura deialdi honen oinarrien eranskinean jasotakoa izango da.
2. Oposizio fasea deialdi honen oinarrietan adieraziko diren ariketek osatuko dute.
3. Lehiaketa fasean, hautagaiek aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira; eta hautagai bakoitzari, oinarri hauen eranskinean jasotako baremoaren arabera, merezimendu horietako bakoitzari dagozkion puntuak emango zaizkio. Eskaera orriak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte lortutako, alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak bakarrik hartuko dira kontuan.
Lehiaketa fasea ez da baztertzailea izango eta fase horretan lortutako puntuak ere ez dira kontuan hartuko, oposizio faseko probak gainditzeko orduan. Fase honetan, oposizio fasea gainditu duten hautagaiak baloratuko dira.
4. Kalifikazio-epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko ditu minusbaliotasunen bat duten hautagaientzat, gainerako parte-hartzaileekiko aukera berdintasuna izan dezaten, betiere, egokitzapenaren bidez ariketaren edukiari garrantzia kentzen ez bazaio edota ariketetan eskatutako gaitasun maila jaitsarazten ez bada.
5. Ariketa bakoitzeko puntuazioak deialdia egiten duen erakundearen iragarki-oholean jarriko den iragarkiaren bidez jakinaraziko dira.
Zazpigarrena.-Hautaketa prozesuaren hasiera.
Oposizio faseko lehenengo ariketaren lekua, eguna eta hasiera ordua «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» eta erakundearen iragarki-oholean argitaratuko dira, hautaketa prozesuan onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera. Oposizioko ariketa bakoitza amaitu eta hurrengoa hasi arte, 72 orduko epea igaro beharko da gutxienez, eta egutegiko 45 egunekoa gehienez ere.
Idazkariak egingo duen zozketaren arabera -gutxienez hiru mahaikide bertan direla- jardungo dute hautagaiek. Zozketa horretan ateratako letraz hasten den deiturarik ez badago deialdian, jarduteko hurrenkera letra horren hurrengoek ezarriko dute.
Oposiziogileei deialdi bakar batean egingo zaie ariketa bakoitzerako deia. Bertaratzen ez direnak baztertu egingo dira, behar bezala justifikatu eta epaimahaiak aintzat hartu ezean.
Oposizioaren gainontzeko ariketei buruzko iragarkiak Toki Erakunde Autonomiadunaren iragarki-oholean argitaratuko ditu epaimahaiak. Iragarki horiek, gutxienez, hurrengo ariketa egin baino 24 ordu lehenago jarri beharko dira jendaurrean.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek edozein momentutan eskatu ahal izango diete hautagaiei behar bezala identifikatzeko. Horretarako, ariketa bakoitza egitera NANarekin etorri beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz oposiziogilearen nortasuna behar bezala egiaztatzen duen beste edozein agirirekin (pasaportea, gidabaimena, etab.).
Hautaketa prozesuaren edozein momentutan, epaimahaiak jakingo balu hautagaietariko batek ez dituela deialdian eskatzen diren betekizunak betetzen, hautaketa prozesutik kanpo geratuko litzateke.
Zortzigarrena.-Hautaproben kalifikazioa.
Lehiaketako merezimenduen balorazioa oinarri hauetako eranskinean zehaztutako merezimendu baremoaren arabera emandako puntuak batuz egingo da.
Oposizio aldiko ariketak oinarri hauen eranskinean adierazi den eran kalifikatuko dira.
Oposizioko ariketa bakoitzaren kalifikazioak honela ezarriko dira: epaimahaiko kideek emandako puntuazioak batuko dira eta, gero, kopuru hori zati epaimahaian izan diren epaimahaikideen kopurua egingo da, eta zatidura hori izango da behin betiko kalifikazioa.
Hautaketa prozesuaren azken kalifikazioa oposizio eta lehiaketa aldietan lortutako puntuazioaren batura izango da, edo, bestela, praktika-aldietan edo prestakuntza-ikastaro jakinetan lortutakoaren batura.
Berdinketa badago, lehenengo eta behin, lehenengo postua oposizio aldian punturik gehien lortu duenarentzat izango da; bigarrena, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat; hirugarrena, Bilboko Udaleko tokiko Administrazioaren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat; laugarrena, EAEko Herri Administrazioaren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat eta, azkenik, bosgarrena, Estatuko Administrazioaren zerbitzuan denborarik luzeena egin duenarentzat.
Bederatzigarrena.-Gainditu dutenen zerrenda.
1. Oposizio aldiko ariketa bakoitzaren zuzenketa bukatzen denean, epaimahaiak dagozkion emaitzak argitaratuko ditu iragarki-oholean.
2. Hautaketa prozesua osatzen duten proben eta/edo merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak puntuazio hurrenkeraren arabera argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, eta gainditutako kopuru hori ezin izango da deitutako plazen kopurua baino handiagoa izan. Zerrenda hori Presidentziara bidaliko du, dagokion kontratazio proposamena egin dezan. Aldi berean, azken bileraren akta ere bidali beharko du. Bertan zehaztu beharko dira hautaproba guztiak gainditu arren deitutako plazen kopurutik gora geratu diren hautagaiak, puntuazio hurrenkeran. Eta hori egingo da plaza lortu duen hautagaietariko batek ez balu plaza hori hartuko, zerrenda horretako hurrengoak hartzeko; hori izango da zerrenda horren helburu bakarra, hau da, ez da beste eskubide ez asmorik izango.
Hamargarrena.-Agirien aurkezpena.
Gainditu dutenen zerrenda argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, egutegiko 20 eguneko epearen barruan, proposatutako oposiziogileak hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko deialdiaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko ditu Langileria Sailean. Agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1. Jaiotza ziurtagiria, erregistro zibil eskudunak emana. Ziurtagiri horren ordez, Erregistro Zibilaren ziurtagiri arrunta, Familia Liburua edo Seme-alabatasuna frogatzekoa erakutsi ahal izango da, edozein delarik agiriaren data eta hura legeztatu beharrik ez dagoela.
2. Diziplinazko espediente baten bitartez inolako Herri Administrazioren zerbitzutik bereizi ez dutelako aitorpena, bai eta egin beharreko lanpostuari dagokionez inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez duelako aitorpena ere.
3. Lanpostuaren eginkizunak normaltasunez betetzea eragozten duen gaixotasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez daukala ziurtatzen duen mediku-ziurtagiria, Udal Zerbitzu Medikoek egindakoa, Udalbatzak 1987ko irailaren 24an onartutako Baztertzeko Baremoarekin bat etorriz. Horretarako, dagokion azterketa medikoa egingo zaie hautagaiei, baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, eta, era berean, behar diren azterketa mediko guztiak egin ahal izango dira hautaketa prozesu osoan zehar Baztertzeko Baremo horretara egokitzen direla egiaztatzeko. Ziurtagiri medikoaren aurka eginez gero, hautagaiak onartu egingo du ziurtagiri hori emateko oinarri diren txosten teknikoak erreklamazioa aztertuko duten organoen esku uztea, baldin eta hautagaiaren ohore eskubidea ukitzen ez badute. Izangaiak elbarriak badira, gaitasun-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, kasuan kasuko lanpostuko eginkizunak betetzeko gai direla egiaztatzeko, eta organo eskudunak egin beharko die agiria.
4. Oinarri hauen eranskinean deitutako plazarako zehazten den titulua, tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 9ko 6/1989 Legearen 43. artikuluan eskatzen denez.
5. Oinarri hauetan eta oinarri hauen eranskinean eskatzen diren gainontzeko betekizun zehatzen agiri bidezko justifikazioa.
Adierazitako epean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako hautagaiak bere agiriak aurkezten ez baditu edo eskatutako betekizun guztiak betetzen ez baditu, ezin izango da izendatu eta bere jarduketa guztiak baliogabetu egingo dira, eskaeran datuak faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzita. Kasu horretan, Toki Erakunde Autonomiaduneko presidenteak gainontzeko hautagaien artean puntuaziorik handiena daukana izendatzeko proposatuko du.
Hamaikagarrena.-Lan kontratua izenpetzea.
TEA honetako presidenteak proposamena onartu ondoren, izendatutako hautagaiak 30 eguneko epea izango du, izendapena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, lanpostuaz jabetzeko. Justifikatutako arrazoirik izan ez, eta aipatutako epe horren barruan ez bada karguaz jabetzen, kargugabetu egoeran geratuko da, karguari uko egiten diola ulertuko da, eta eskubide guztiak galduko ditu. Dena dela, Toki Erakunde Autonomiadunaren presidenteak, behar bezala justifikatuta eta arrazoituta eskatuz gero, karguaz jabetzeko epea luza dezake, baina, betiere, lehen aipatutako denbora tartearen erdia luzatu ahal izango du gehienez.
Hamabigarrena.-Hautaproba desberdinetarako betekizun zehatzak.
Deialdi honetako plaza lortzeko eskatzen den titulazioa, hautaketa sistema, programak eta plaza hori hartzeko betekizun zehatzak oinarri hauen eranskinean jaso dira berariaz.
Hamahirugarrena.-Azken arauak.
Oinarri hauetan ezarri ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoaren arabera jokatuko da: Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea; Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legea; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuak onartutakoa; Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretua eta 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzkoa, eta horietan guztietan gerora egon ahal izan diren aldaketa guztiak. Interesdunek deialdiaren, deialdiko oinarrien eta kalifikazio-epaimahaiaren jarduketetatik erator daitezkeen administrazio egintzen aurka egiteko aukera izango dute, indarrean dagoen Administrazio Prozeduraren Legean ezarritako kasuetan eta eran.
ERANSKINA.
Lehenengoa.-Deitutako plazak.
Administrazioko laguntzaile plaza bi (2) betetzeko deialdia egin da, Sail Soziokomunitarioan eta Planifikazio, Kudeaketa eta Administrazio Sailean hutsik dauden Administrazioko laguntzaile plaza bana betetzeko. Biek derrigorrezko 2. hizkuntza-eskakizuna daukate, eta lehiaketa-oposizio irekiaren bidez beteko dira. Erakunde honetan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboko D taldearen 16. mailari dagokion soldata izango dute.
Bigarrena.-Betekizun zehatzak.
Oinarrizko Batxilergoko, Eskola Graduatuko, Lehen Mailako Lanbide Hezkuntzako edo baliokidea den prestakuntzaren bateko Titulua izatea edo, instantziak aurkezteko epea amaitzen den egunean, berau lortzeko moduan egotea.
Hirugarrena.-Hautaketa sistema.
Hautaketa lehiaketa-oposizio bidez egingo da.
A) Oposizio fasea:
Lehenengo ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Test erako galderaz osatutako galdetegi bat idatziz bete beharko da. Gai-zerrendari buruzko erantzun alternatibodun testa izango da, eta erantzun okerrak puntu negatiboekin zigortuko dira, epaimahaiak ezarritako denboran.
Bigarren ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Gai-zerrendatik hartutako eta epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bati edo gehiagori buruzko galderak erantzun beharko dira, gehienez ere bi orduz. Ariketa honetan, gai-zerrendaren aplikazio praktikari buruzko ezagutza baloratuko da.
Hirugarren ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Ordenagailua erabiltzeari buruzko proba praktikoa izango da. Testu-prozesadorea zein kalkulu-orria erabili beharko dira, epaimahaiak zehaztutako moduan. Prozesadoreari dagokionez, erabili beharreko softwarea oinarrizko Microsoft Word 2000 izango da, eta, kalkulu-orriaren kasuan, oinarrizko Microsoft Excel 2000. Hau izango da edukia:
Microsoft Word:
- Oinarrizko operazioak: programa instalatzea, bertara sartzea eta bertatik irtetea, leihoekin lan egitea, artxibo bat irekitzea, orrialde bat konfiguratzea.
- Testua editatzea, hautatzea, mugitzea eta kopiatzea, bilatzea eta ordeztea.
- Tresnak eta aukerak: ortografia eta gramatika, hizkuntza eta hiztegiak hautatzea, korrespondentzia editatzea.
- Formatua: testuari formatua ematea, paragrafoei formatua ematea, zerrendak eta biñetak erabiltzea, formatu automatikoak erabiltzea, txantiloiak sortu eta erabiltzea.
- Elementuak sartzea: irudiak, zutabeak, autotestuak, artxiboak, goiburua eta orrialde-oina.
- Taulak erabiltzea: sartzea, elementuak gehitzea, editatzea eta taulen edukiari formatua ematea.
Microsoft Excel:
- Oinarrizko operazioak: programa ireki eta bertatik irtetea, kalkulu-orriaren elementuak, orrialde baten konfigurazioa, orri edo liburuak bilatzea, beste erabiltzaile bati artxiboak bidaltzea.
- Datuak: Datuak, formulak, oharrak, gelaxken operadoreak, funtzioak, iragazkiak sartu eta ezabatzea, datuak baliozkotzea.
- Tresnak: goiburuak, autozuzenketa, orri eta liburuen babesa, lineako kolaborazioak.
- Formatua: gelaxka, zutabe, lerro, testu, ertz eta itzalen formatua, estiloen definizioa.
- Datuak editatu eta aldatzea.
- Grafikoekin lan egitea: sartu, gorde, ezabatu.
- Grafikoetako zenbait elementu sartzea.
KZ Gune batean edo ESIk homologatutako gainontzeko zentroetan lortutako IT txartela duten pertsonek horren bitartez egiaztatu ahal izango dituzte aipatutako ezagutzak. Horretarako, hirugarren ariketa egin behar den eguna baino lehen, Bilboko Udal Etxebizitzak TEAko Giza Baliabideen Sailera joan beharko dira, jatorrizko agiriarekin, egiaztatua izan dadin eta hautaketa prozesu honen txostenean erantsi dadin.
Laugarren ariketa: Nahitaezkoa eta baztertzailea izango da. Euskararen ezagutza egiaztatzeko proba izango da, epaimahaiak erabakitako eran. 2. hizkuntza-eskakizunari dagokion maila egiaztatu beharko da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako ildoei jarraituz eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 99.1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ez dute hizkuntza-eskakizunik egiaztatu beharko dagokion hizkuntza eskakizunari buruzko HAEEren ziurtagiria duten hautagaiek edo, baliozkotzeei dagokienez, Euskararen erabilera normalizatzeko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 41. artikuluan jasotako tituluren bat duten hautagaiek.
B) Lehiaketa fasea:
Hautagaiek eskabidea aurkezteko epearen barruan aurkeztu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira lehiaketan; eta hautagai bakoitzari, honi erantsitako merezimenduen baremoaren arabera, dagozkion puntuak emango zaizkio.
Merezimenduen baremoa.
1. Herri Administrazioan, D taldean, Administrazioko Laguntzaile gisa egindako zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, harreman juridikoa edozein izanik ere, zerbitzu zibil edo merkataritzako errentamenduzkoak alde batera utzita, 0,50 puntu urteko edo sei hilabeteko edo gehiagoko zatiki bakoitzeko; gehienez, 4 puntu lortu ahal izango dira. Zerbitzu horien egiaztagiria legez ahalmena daukanak eman beharko du eta egiaztagiri horretan hautagaiak zerbitzu horiek zenbat denboraz eskaini dituen azaldu beharko da.
2. Administrazioko Laguntzaileei dagozkien funtzioekin erlazionatutako ikastaroetara joateagatik (azterketa dutenak izan ezik), Diploma edo Asistentzia Ziurtagiri bidez behar bezala egiaztatuta. Agiri horietan derrigorrez agertu beharko da Zentro Ofizialek edo Itunduek emandako eskola-orduen iraupena.
- Gehienez 30 orduko ikastaroak: 0,10 puntu ikastaro bakoitzeko; gehienez 0,50 puntu.
- 30 ordutik gorako ikastaroak eta 100 ordu dituztenak gehienez: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko; gehienez 0,75 puntu.
- 100 ordutik gorako ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko; puntu 1 gehienez.
3. Hizkuntzaren ezagutza egiaztatzen duten titulu ofizial homologatuak izateagatik, hona hemen emango diren puntuak:
- Goi mailako tituluaren ziurtagiri ofiziala (Hizkuntza Eskolako Gaitasun egiaztagiria edo antzekoa), ondorengo hizkuntzetan: ingelesa, frantsesa eta/edo alemana. Ziurtagiri bakoitzeko puntu 0,5 lortuko da, eta gehienez, 1,5 puntu eskuratu ahal izango dira.
- Maila ertaineko tituluaren ziurtagiri ofiziala (Hizkuntza Eskolako hirugarren maila gainditua dagoela frogatzen duen egiaztagiria edo antzekoa), ondorengo hizkuntzetan: ingelesa, frantsesa eta/edo alemana. Ziurtagiri bakoitzeko 0,25 puntu lortuko dira, eta gehienez, 0,75 puntu eskuratu ahal izango dira.
Maila handiagoko tituluak maila baxuagoko titulua baztertzen du.
4. Tituluak:
- Goi mailako titulua izateagatik: puntu 1.
- Maila ertaineko titulua/Diplomatura izateagatik: 0,5 puntu.
Atal honetan, gehienez, puntu 1 lortu ahal izango da.
Gehienezko puntuazioa: 8,75 puntu.
Laugarrena.-Ariketen kalifikazioa.
Oposizio aldiko lehenengo bi ariketetan (nahitaezkoak eta baztertzaileak) gehienez ere 10 puntu emango dira bakoitzean, eta kanporatu egingo dira ariketa bakoitzari dagozkion bost (5) puntuak lortzen ez dituzten oposiziogileak.
Oposizio faseko hirugarren eta laugarren ariketak (horiek ere nahitaezkoak eta baztertzaileak) «Gai» edo «Ez gai» gisa kalifikatuko dira, eta «Gai» kalifikazioa lortzen ez duten hautagaiak kanporatu egingo dira.
Hautagaietako batek ere ez baditu gainditzen hemen adierazitako gutxieneko kalifikazioak, epaimahaiko presidenteak deialdia hutsik gelditu dela adierazi ahal izango du.
GAIAK.
1. gaia: Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak.
2. gaia: Estatuaren lurralde antolaketa. Autonomia estatutuak. Esanahia. Europar Batasuna. Bilakaera eta Instituzioak. Europar Konstituzioa.
3. gaia: Euskal Herriko Autonomi Estatutua. Aurrekari historikoak. Aurrekariak. Atariko titulua. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenak: berari bakarrik dagozkionak, legegintzazko garapen eta betearazpenerakoak.
4. gaia: Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren botereak. Eusko Legebiltzarra, Jaurlaritza eta Lehendakaria. Estatutuaren eraldaketa. Xedapen gehigarriak eta iragankorrak.
5. gaia: Lurralde historikoetako erakundeak. Ogasuna eta Ondarea. Maiatzaren 23ko 12/2002 Legea, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Ituna onetsi zuena.
6. gaia: Uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa. 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa dena.
7. gaia: Administrazioaren Legearekiko eta Zuzenbidearekiko menpetasuna. Zuzenbide Publikoaren iturriak. Legea: lege motak. Administrazio Publikoaren nortasun juridikoa.
8. gaia: Pertsona juridiko publiko motak. Administrazioaren ahalak. Araupeko ahala eta zuhurtziarako ahala. Araudia.
9. gaia: Administratua. Kontzeptua eta motak. Administratuaren gaitasuna eta gaitasun hori aldatzen duten arrazoiak. Administratuaren lankidetza eta partaidetza Administrazio Publikoan.
10. gaia: Administrazio egintza. Kontzeptua. Administrazio egintza motak. Administrazio egintzaren osagaiak. Administrazio prozedura.
11. gaia: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea. Printzipioak, aplikazio-eremua eta oinarrizko edukia.
12. gaia: Administrazio prozedura orokorraren aldiak. Prozeduraren denborazko dimentsioa. Agiriak jasotzea eta erregistratzea.
13. gaia: Interesduna eta interesdunaren ordezkaritza. Berri emateak eta jakinarazpenak. Administrazioaren isiltasuna.
14. gaia: Administrazio egintzen eragingarritasuna eta baldintzapena. Bete beharra eta etendura. Administrazio egintzen betearazpena.
15. gaia: Administrazio egintzaren baliogabetasunari buruzko teoria. Egintza deusezak eta deuseztakorrak. Administrazio egintzaren baliozkotzea. Ofiziozko berrikuspena. Errekurtsoen sistema.
16. gaia: Zerbitzu publikoa. Kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoa eta administrazioaren prestazioak. Zerbitzu publikoa kudeatzeko erak.
17. gaia: Udalen antolaketa eta eskumenak. Udal organo elkargokideen akordio eta saioen erregimena. Tokiko erakundeen ordenantza eta araudiak. Tokiko funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak.
18. gaia: Azaroaren 24ko 29/1994 Hiri Errentamenduen Legea. Aplikazio esparrua. Etxebizitzen errentamendua eta beste erabilera batzuetarako errentamenduak: arau orokorrak, kontratuaren iraupena, errenta, aldeen eskubide eta betebeharrak, eta kontratua etetea, suntsiaraztea eta amaitzea. Xedapen Iragankorrak.
19. gaia: Jabetza Horizontalari buruzko 49/1960 Legea. Eraketa erregimena. Akordioak hartzeko erregimena. Akordioen aurka egitea. Ekintza judizialak.
20. gaia: Aukera berdintasunari, familiako bizitza uztartzeari eta menpetasunari buruzko legedia.
21. gaia: Bilboko Udalaren oinarrizko araudia. Ordenantzak eta Araudiak. Bilboko Udaleko eskumenen oinarrizko organigrama.
-
1
2025/04/16
IRAGARKIA BAO INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO TEKNIKARIA -
2
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 17-18 GAIEN GALDERA SORTA -
3
2025/03/19
GAITEGIKO GAI KOMUNEN 1-16 GAIEN GALDERA SORTA -
4
2025/03/19
GAITEGIAREN GAI KOMUNEN GALDERA SORTAREN AURKIBIDEA -
5
2025/02/18
IRAGARKIA BAO INFORMATIKA-TEKNIKARIA